Testua: AITZIBER OTEGI KIMU BAT
Argazkia: IMANOL SORIANO
Wikipedian irakur daitekeenez, luxua da beharrezko prestazioez gainera ezaugarri bereziak eta apartak dituzten ondasunen, produktuen eta zerbitzuen multzoa. Oro har, desiragarriak direnak eta prezio altuak dituztenak.
Argi dago guztiontzat ez direla gauza berdinak, baina gehienok pentsatuko genuke mila metro karratuko lursaila eta igerilekua dituen etxea luxu bat dela, edo luxu bat dela baita ere diruari begiratu beharrik gabe nahi adina bidaiatzea. Hala eta guztiz ere, bizitzako gauza gehienak bezala, hau ere erlatiboa da.
Gaur egun bizitzen ari garen egoera surrealista honetan, luxu hitzaren balioa aldatu egin da. Orain, lehen normaltzat kontsideratzen genituen
hainbat egoera edo gauza desiragarri bihurtu dira: luxua da balkoi bat edukitzea, luxua da zure lanbidea dela-eta mendira lanera joan behar izatea, luxua da zure bizilagunarekin balkoitik balkoira hitz egin ahal izatea, eta luxua da, baita ere, Internet eta ordenagailua edukitzea maite dituzunak ikusi ahal izateko.
Orain, galdera bat egingo dizut: oraintxe bertan, egoera honek luze iraungo duela pentsatuz, zer nahiago zenuke? Donostia erdigunean dagoen etxe bat, handia, oso ondo dekoratua baina ez balkoirik eta ez terrazarik ez duena –oso garestia, noski– ala edozein herritan aurkitu dezakegun baserri edo etxetxo bat bere baratzearekin eta lorategiarekin? Eta orain dela urtebete, berdina erantzungo al zenuke?
Baratzea edukitzea luxua da
Gaur egun, luxu bihurtu da baratze bat edukitzea. Nork esango zigun guri, orain dela urte batzuk, baratzea duten pertsonak pribilegiatu moduan ikusiko genituela? Ez al zen, bada, baserritarren edo hippy batzuen aukera? Zer pentsatuko zenuen orain dela urte batzuk zure lagun batek baratze bat landu nahi zuela esan bazizun? Nire ustez, bizitzan, muturreko egoerek erakusten digute gauzak bere lekuan jartzen, eta oraingo honetan ere horretan lagunduko digula espero dut.
Urtetik urtera, naturarekin kontaktua galtzen ari gara hirietan bizitzen, ordenagailu, tableta, mugikor, eta abarri lotuta, gero eta indibidualistagoak izaten eta baserrietako animaliak inoiz zuzenean ezagutu ez dituzten haurrak hezten.
Erosketak ere Internet bidez egiten ditugu, merkeagoa den aitzakian... Baina zer gertatzen da birus batek edo zerk edo zerk mundua hankaz gora jartzen duenean? Nora begira jartzen gara?
Baserritarren garrantzia
Berriz ere, bertako dendetan erosten ikasten ari gara, konturatuz beraiek direla gure herriei eta hiriei bizitza ematen dietenak. Konturatuz osasun publiko on bat edukitzeak duen
garrantziaz, eta etxetik atera ezin dugun sasoi batean konturatuz zenbat amesten dugun naturarekin kontaktu zuzena edukitzearekin.
Oraingo honetan, janari horniketarekin ez dugu arazorik, baina zer gertatuko litzateke birus batek edo beste zerbaitek janari garraioa oztopatuko balu? Norekin gogoratuko ginateke orduan?
Seguruenik, inoiz eman ez diegun balioa emango genieke gure baserritarrei eta beraien kalitatezko produktuei. Orduan, luxua izango litzateke bere burua janariz hornitzeko gai den herrialde batean bizitzea edo gure familia elikatzeko adina emango digun baratzetxo bat edukitzea.
Egoerak irakatsitakotik ikasi
Bizi dugun bezalako egoera txar bat tokatuz gero, bi aukera ditugu: ezer ez ikasi eta berdinean segitzea, edo egin ditugun hanka- sartzeekin ohartzea eta ez errepikatzen saiatzea.
Horregatik, saia gaitezen bigarren aukerari eusten, gizarte zentzudun eta osasuntsua izan nahi badugu.
Babes ditzagun gure baserritarrak, baratzeak, natura, gure denda eta enpresa txikiak eta osasun publikoa, noski! Horiek baitira oinarri oinarrizkoak eta, aldi berean, uste duguna baino merkeagoak diren luxuak!