Kirol berri bat jaio da... 'baratzing'-a

Erabiltzailearen aurpegia Baratze Parke Sarea-Kimu Bat 2020ko urt. 3a, 09:39

      

Testua: Aitziber Otegi

Argazkia: Heather Gill

Bizepsak, kuadrizepsak eta pektoralak landu. Erlaxatu. Estresa eta antsietatea gutxitu. Naturarekin kontaktua berreskuratu, eta bere ziklo naturalekin bat egin. Kultura, adin, genero edo hizkuntza askotariko jendearekin kontaktu berriak egin. Lurra ukitu, barazki osasuntsuak jan, haurrak naturara gerturatu. Eguzki izpiak xurgatu, neguko haize freskoari aurre eginez gorputza berotu, kultura askotariko jakiak ezagutu. Psikomotrizitatea landu. Zenbat onura, ezta? Aipaturiko onura horiek guztiak kirol batek dakartzala esango banizu, sinetsiko zenidake? A ze pagotxa alderdi horiek guztiak aldi berean lantzea, ezta? Zein kiroldegitan ematen dute kirol berri hori? Eta horrenbeste abantaila baditu garestia izango da, ezta? Irakasle partikular bat beharko duzu zuretzat?

'Baratzing'-a, kirol berria
Hori da! Baratzing-a da eta Euskal Herriko herri guztietara zabaltzen ari den kirol berria da! Martxan hasteko behar dituzun gauza bakarrak dira 30 bat metro karratuko lur zati bat eta aitzur bat. Ez du ordutegi jakinik eta nahi duzunean joan zaitezke. Landaretxo txiki batzuk erosteko beharko dituzun sosak, gainera, xentimo batzuk besterik ez dira izango. Ez da azken modako arroparik behar. Armairuan dituzun arroparik xaharrenak eta baldarrenak jantzita nahikoa duzu. Erosoak izatea besterik ez duzu behar. Beste kiroletan ez bezala, berdin dio ileak zabar dituzula bukatzea edo goitik behera lurrez zikinduta joatea etxera. Hemen ez dago modarik. Eta ez dago irakaslerik. Liburu bat, ikastarotxo bat eta baserritarrei begiradatxoren bat botatzea nahikoa dira uzta oparo eta osasuntsu bat jasotzeko.
 
Izen xelebreak modan
Orain dela urte batzuk, korrika egiten genuen; orain, berriz, running-a. Lehen, bizikletarekin porturen batera igotzea lortzen genuen, baina orain, cycling-a edo spinning-a egiten dugula esaten dugu. Mendira maiz joan gara txiki-txikitatik. Orain, berriz, treeking-a egiten omen da. Batzuk patinetearekin ibiltzen ziren kaleetatik, ikaslerik aldrebesenak normalean, baina orain, skater-ak omen dira. Garaiera handienekoak zirenek baloncesto-a egiten zuten; badirudi basketball-a beste zer edo zer dela. Puenting-a ere modan egon zen, crossfit-ak lekua kendu
zion arte. Boxeoa baldarrentzat omen zen, baina kickboxing-a, orain, neska edo mutil finek ere egin ahal omen dute. Eta pixkanaka, twerking-era ere iritsi gara. Moda... Hainbat gauzari izen xelebreak jarriz egiten dugunak balio handiagoa duela dirudi, baina baratzing-a ez da moda bat. Beraz, ez du izen berezi horien beharrik. Bere buruaren promozio handirik egin gabe ere saltzeko oso erraza den kirol bat dugu; izan ere, ona den horrek ez du publizitaterik behar saltzeko.
 
Baratze parkeetan, 1.300 lagun
Kutxa Ekoguneko Baratze Parke Sarearen barruan 22 baratze parke ditugu, eta bertan, baratzing-a praktikatzen duten 1.300 erabiltzaile inguru, eta haien familiartekoak. Ez dugu propagandarik behar izan egoera honetara iristeko. Herri batek besteari begiratzea nahikoa izan da Gipuzkoa baratze parkez betetzeko. Baratzing-a munduko kirolik hoberena delako hasi zaitez zu ere! Martxan hasteko, hauek dira eman beharreko pausoak:
  • Joan udaletxera eta eskatu herriko baratze parkean parte hartu nahi duzula. Ez dagoela oraindik? Nola? Egin eskaera idatziz segituan! Ezagutzen al duzu spinning klaserik ez duen fundamentuzko udalik? Eta baratzing-a ez da gutxiago izango, ezta?
  • Jantzi katiuskak.
  • Hartu aitzurra.
  • Baratzing-a praktikatu! 
 
Atsotitz txinatar batek zioen bezala: Ordubetez zoriontsu izan nahi baduzu, mozkortu zaitez. Egun batez zoriontsu izan nahi baduzu, hil ezazu txerri bat. Astebetez zoriontsu izan nahi baduzu, bidaia ezazu. Urtebetez zoriontsu izan nahi baduzu, ezkon zaitez. Baina bizi guztian zoriontsu izan nahi baduzu, landu ezazu baratze bat.
 
BIZI GUZTIAN ZORIONTSU IZAN NAHI BADUZU, LANDU EZAZU BARATZE BAT

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak