Horrelako galderak egiten dizkigutenean, normalean arrazoi teknikoen zerrenda bat egin ohi dugu... Baina gaur ez dugu bide horretatik joko, batzuetan arrazoi teknikoak oso sendoak izan arren ez baitira nahiko izaten urteetan sinistu eta gure buruan iltzatuta dugun hori aldarazteko.
Uste dut oso argi daukagula guztiok nekazaritza ekologikoa osasuntsuagoa dela ohiko nekazaritza baino gure osasunarentzako eta ingurunearentzako. Baina, orduan, esango didate batzuek: "Bai, baina ematen duen produkzioa nahikoa al da? Ekonomikoki bideragarria da?". Kasu honetan, ikerketa erreferentzia eta datu asko eman ditzaket, baina uste dut datu horiek baino askoz ere argigarriagoa den adibide soil eta xume bat emanda errazago aldatuko duzuela orain arte duzuen ikuspegi hori.
Aitona-amonek egiten zutenaEuskal Herrian poliki-poliki nekazari gazteak ari dira gure baserrietan erreleboa hartzen, eta horietako asko eta asko ekologikoan hasten dira.
Gazte horiek ez dira modagatik hasten ekologikoan. Guztiok dakigun bezala, lan sakrifikatua da, eta, beraz, benetan gustuko dutenak bakarrik hasten dira; afizioa ofizio bihurtu nahi dutenak. Sosak eta bizitzako ordu asko sakrifikatzen dituzte lan horretan aritzeko, eta, noski, ekonomikoki bideragarria ez balitz ez lirateke bertan lanean hasiko.
Pentsa dezagun joan den mendeko 60ko hamarkadan ongarrien eta plagiziden erabilera masiboa hasi aurretik gure aitona-amonek egiten zutena nekazaritza ekologikoa zela. Ez zuen izen hori, noski, orduan ez baitzegoen gauzei izena jartzearen behar hori.
Orain, garai horiekin alderatuz, makineria erabili dezakegu eta kaltegarriak ez diren askotariko produktuak eros ditzakegu izurriei aurre egiteko, baina oinarrioinarrian berdinari buruz hitz egiten ari gara. Beraz, ez gara moda batez ari, lehen egiten zenera bueltatzeaz baino.
Osasungarria eta bideragarriaAskotan, gauzak kontatzea baino gehiago, probatzea beharrezkoa izaten da horrelakoez jabetzeko. Hori da Gipuzkoako Baratze Parke Sarearen barruan dauden baratzeetan gertatzen dena.
Bertan baratzea hartzen dutenek aukera izaten dute baratzetxo zati bat nekazaritza ekologikoan oinarrituz lantzeko. Adin guztietako eta jatorri askotariko jendea elkartzen da bertan; lehendik baratzean aritu direnak zein inoiz baratze bat ukitu ez dutenak.
Nahiz eta hain izaera ezberdineko jendea aritu bertan lanean, egindako ikerketa batean ikusi da erabiltzaileen artean jateko ohiturak ekologikoago bihurtzen direla. Garrantzia ematen diote jaten dutenaren kalitateari; izan ere, besteek esandakoak baino gehiago balio du nork bere eskuekin frogatzen duenak.
Osasuntsuagoa dela ikusi dutelako eta, gainera, bideragarria dela jabetu direlako, bide batez, bertako nekazariei lagunduz. Beraz, zergatik ekologikoa? Gure ingurunea eta osasuna zainduz eginiko nekazaritza bat posible delako.
Aitziber Otegi Aburuza