Gipuzkoako Batzar Nagusitara goaz (berriro)

Datorren asteartean, otsailaren 25ean, Angiozar Bailara Batzarreko ordezkaritza batek bilera erronda izango dugu Batzar Nagusietako alderdi politiko guztiekin Demarkazio Foru Arauaren moldaketan Angiozarko eskaerak aintzat hartuak izan daitezen. Mila Elorza, Angiozarko alkatea buru dela, Jose Angel Mikeo eta Unai Asurmendik, hitzorduak ipini ditugu alderdi politiko guztiekin.

Orain hiru urte, gure ekimenez, Demarkazio Foru Arau moldatzeko ponentzia bat abiarazi zen. Gogora ekarri, foru arau horrek, Tokiko Entitate Txikiak (TET) arautzen dituela. Tokiko Entitate Txikiak, edo Auzo Udala ezinenaz, ezagutzen den tokiko udal administraziorako herramienta bat. Udalerri barruko administrazioaren kudeaketa deszentralizatu bata da eta aukera ematen du berariazko entitate juridiko bezala jarduteko.

Hain zuzen ere, Angiozarrek behar duena. Alegia, Bergarako Udalerri barruko herri izaeraren aitortzarekin batera, bailara kudeatzeko baliabideak eta zilegitasuna izatea.

Indarrean dagoen, Foru Arauak,TETei gutxieneko 500 biztanleko kopurua eskatzen die. Angiozarrek 2022n kopuru hori 250era jaisteko baldintzarekin batera oinarrizko eta gutxieneko barne antolaketa historikoa izateko proposamena jasotzen duen foru arau moldaketa aurkeztu genuen.

Ponentzia amaitu zen arren, foru arauren moldaketarik ez zen egin hauteskundeak gainera etorri zirelako. Aurki arauaren moldaketa egitera doaz. Antza, moldaketa soilik EZKIO-ITSASO errealitaterako baino ez dute moldatuko. Itsaso Ezkioko TET bilakatuko da, soilik, 150 biztanlerekin. Arrazoia da Aldundiko gobernuko alderdi politikoek, "ad hoc" egindako moldaketa bat baino ez dutela sustatuko. Erabiliko den argudioa da erabakia Frankismo garaian hartua izan zela.

Angiozartik ulertezina egiten zaizkigu halako arrazoiak. Historia kontuen gainetik, uste dugu, administrazioaren eraginkortasuna eta efizientzia arrazoiak izan behar direla benetako argudioa. Bestela Gipuzkoako lurralde oreka eta aukera berdintasunarekin apurtu egiten da. Horregatik, alderdi politikoei 2022an gure abokatuaren bidez aurkeztu genien foru arau moldaketa egitea eskatuko diegu. Lege testu proposamenarekin batera, gogoratu ere, bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren justifikazio bezala SIADECO etxearekin egin genuen lanketa (hemen txostena).

Gipuzkoako egungo TETak dira Hernaniko Ereñotzu eta Debako Itziar. Donostiako Igeldok jada urratsak ematen ari da eta udal plenoak jada aldeko erabakia hartu du. Lurralde historikoko desoreka horrekin jarraituz, adierazi Angiozar herriak baino biztanle gutxiago dituzten 14 udalerri daudela, zeintzuk beren erronkei erantzuteko baliabideak bermatuagoak dituzten.

2022 hartan, alderdi politikoei dagokionean, eta izandako elkarrizketan, alegia informalki, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos gure aldaketaren alde agertu ziren. PNV eta PSOE berriz, ez zutela onartuko adierazi zuten. PPek gehiago aztertu behar zuela adierazi zigun.

Ea bigarren aukera honek zer ematen duen...

Hemen aurkeztu genien eta berriro aurkeztuko diegun lege aldaketa proposamena uzten dizuegu:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak