1965. Leintz bailara. Hezkuntzarako egoera nekeza da. Gipuzkoako hiriburutik urruti dago, eta irakaskuntza ertaineko institutua zuten beste herri batzuetatik ere bai. Bailarako familiak kezkaturik daude hezkuntzarekin. Kezkaren iturria: seme-alabak eskoletako lehen mailako irakaskuntzara eta Arrasateko lanbide eskolara mugaturik egotea.
Guraso talde bat kezkari erantzun bila hasiko da. Helburua: familia apalenetako seme-alabek ere kulturara iristeko aukera izatea doakotasunetik hurbil. Inguruko herritarren, enpresen, erakundeen laguntza jasoko dute. Eskoriatzan marianisten komentu zaharra joko dute begiz egoitza bezala, eta marianistak euren helburura bidean lagun ditzaten lortuko dute. Hala, 40 ikaslek 1965-1966 ikasturtea egingo dute bertan.
Ikasle kopurua modu harrigarrian hasiko da. Lehen bi urteetako esperientziak eta herritarrengan sortutako itxaropenak ekimena sendotu beharra eragingo du. Hazkundeari erantzun ahal izateko eta helburua bete ahal izateko egitura eraikiko da.
1967. ALMEN (Asociación Léniz Mancomunidad de Enseñanza) eratuko dute. Epe laburrean 2.000 bat norbanako, 22 enpresa -batez ere, Fagor taldekoak- eta udal, parrokia, kultur, kirol eta kreditu elkarteak izango dira bazkide eta egituraren oinarri. Hezkuntzan, ordea, gurasoak eta irakasleek ezarriko dituzte helburuak eta helburuetarako bideak, eta eurek izango dute erabakimena erakundean.