Aramaion, musikariz beteriko belaunaldia

Erabiltzailearen aurpegia Mirian Biteri 2021ko aza. 15a, 16:54

Musikak osasun bikaina du azkenaldian Aramaio aldean, eta horren protagonista nagusiak dira, besteak beste, Maria Izaga, Bea eta Idoia Asurmendi ahizpak, Mikel Ullibarriarana edo Sara Alonso musikariak eta Larraitz Arriolabengoa irakaslea. Bakoitzak bizi izandako ibilbidea kontatu du.

Aramaioar baten kantua dago azken hilabeteotan Euskal Herriko entzunenen artean: Idoia Asurmendi aramaioarrak, Eñaut Elorrietaren ahotsaren laguntzarekin, abesten duen 25. artikulua. Puntako musikariekin batera lan egiten duen 21 urteko aramaioarrarekin pentsatzen hasita, horren abiapuntua eta testuingurua aztertzeari ekin dio ALEAk. Izan ere, Idoia Asurmendi adibide bat baino ez da eta, bera bezala, musikaren munduan bere tokia bilatzen ari diren beste aramaioar asko daude.

Papargorri abesbatzako abeslariak; goiko argazkian, besteak beste, Maria Izaga, Idoia Asurmendi eta Larraitz Arriolabengoa daude. / L.A.

Bea Asurmendik, Idoiaren ahizpak, bere tokia topatu du dagoeneko. 2013an, Londresera joan zen Musika Modernoko Interpretazioa izeneko gradua egitera, kantuko espezializazioan, eta proiektu eta talde musikal ezberdinekin jotzen hastean, bertan geratzea erabaki zuen. Bitartean, iaztik, jazzarekin lotutako master bat egiten ari da, espezialitate berean. Egun, musikari profesionala da: "Ikasten dudan bitartean eskaintzen ditudan jazz eta soul kontzertuekin bizi naiz; ostegunetik igandera bitartean ematen ditut musikari eta talde ezberdinekin". Horrekin lotuta, azpimarratu du musikalki Londres "oso aberasgarria" dela eta, hain justu, hori dela bertan jarraitzeko arrazoietako bat: "Mundu osoko musikariak daude eta bakoitzak bere jatorria eta erreferenteak ditu. Musika mota ezberdinak ezagutzeko aukera ematen dizu horrek".

 

Aitarekin kontzertuetara

Hamar urteko aldea dago bi ahizpen artean, eta Idoia ez bezala, hasierako urteetan Beak ez zuen musikari profesionalik izan inguruan. Baina, aipatu du gurasoek "izugarri" izan dutela gustuko musika, eta etxean beti izan dutela presente: "Aitarekin, adibidez, beti entzun izan dugu musika; Pink Floyd eta gustuko zituen taldeak jartzen zizkigun beti, eta kontzertuetara eramaten gintuen askotan; tartean, ACDC edo Bruce Springsteen ikusi ditugu zuzenean. Amak, berriz, beti abestu digu; beti ibili da abesten. Bi horiek batuta sortu gara Idoia eta ni".

Idoia Asurmendi - Aramaio (2001)

Pedagogia musikaleko hirugarren maila ikasten ari da aurten Idoia Asurmendi, Donostian. Gainera, Kutxa Kultur  beka irabazi ondoren, bere lehen proiektuan lanean ere badabil: Ilun eta abar.

Testuinguru horretan, sei urterekin herriko eskolako orduko abesbatzan hasi zen, gero Papargorri abesbatzara, eta hortik Arrasate Musikalera eta Goikobalu abesbatzara. Baina, bestelako ikasketak ere egin zituen Gasteizen: Ingeles filologia. "Nik banekien musika egin nahi nuela, baina banekien ere atzerrira joan nahi nuela musika ikastera, eta gehiago prestatu beharko nintzela, eta Ingeles filologia egitea erabaki nuen. Filologiako laugarren maila ekainean amaitu, eta irailerako Erresuma Batuan nengoen instalatuta", gogoratu du.

Idoiak Bearen hitzak berresten ditu: "Etxean beti egon da musika asko jarrita. Horrez gain, nik neuk etxean izan dut erreferente nagusiena: Bea. Neurri handi batean, bere pausuak jarraitu ditut; txikitatik hasi nintzen abesbatzan eta zortzi urterekin pianoa ikasten musika eskolan. Hamabi urterekin bakarlari moduan kontzertuak ematen hasi nintzen Aramaion eta inguruan, bertsioak jotzen".

Bea Asurmendi - Aramaio (1991)

Zortzi urte daramatza Londresen bizitzen. Musika Modernoko Interpretazioa ikasi ostean, jazzeko master bat egiten ari da gaur egun. Musikari profesionala da.

"Pasa den urtean, Kutxa Kultur beka irabazi nuen eta horri esker nire lehen diskoa kaleratu nuen: Ilun eta abar. Poliki-poliki sortzen joan den bidea izan da nirea", jakinarazi du. Horrekin lotuta, aipatu du lan horren arrakastarekin "txipa" aldatu behar izan duela: "Orain arte, inguruko jendea etortzen zen kontzertuetara, eta orain ezagutzen ez ditudanek abesten dute nire musika. Eta zer esanik niretzako erreferente direnekin aritzea: Izaro, Eñaut Elorrieta... Ohitzen nabil oraindik". Idoiak berak azken urteotan sortutako zortzi abesti ditu diskoak. Eñaut Elorrietaren kolaborazioaz gain, bestelakoak ere izan ditu; tartean, nola ez, bere ahizparena edo Xabi Igoa bertsolari aramaioarrarena; argazki eta diseinuarekin, berriz, Eider Ballinaren laguntza izan du.

Musikaz gain, ikasketekin ere buru-belarri dabil. Pedagogia musikaleko hirugarren maila ari da ikasten, Donostian. Onartu du zaila dela biak uztartzea: "Hasieran, zaila izan zen kudeatzea. Baina denborarekin, orekatzen joan naiz. Baina, bai, oso gogorra izan da, eta baita polita ere, nik nahi dudana egiten dudalako. Disfrutatzen ari naiz", aipatu du.

 

Maria Izaga, Madrilen

Asurmendi ahizpez gain, Maria Izaga da Aramaiok duen beste bakarlarietako bat. Gaur egun, Madrilen ari da ikasten, goi mailako kantu eskolan. Bera ere txikitatik ibili da musikan murgilduta: "Beti abestu izan dut etxean, eta zortzi bat urte nituenean, aitittak esan zidan herriko abesbatzan apuntatzeko; bera ere abesbatzan ibili izan da beti". Gero, Arrasate Musikalen hasi zen kantuko eskolak hartzen, kontserbatoriorako probak egitea proposatu zioten arte. Bitartean, bertako Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak urtero prestatzen duen zartzuelan parte hartu du.

Maria Izaga - Aramaio (1994)

Madrilgo kantu eskolan goi mailako graduko hirugarren maila ari da ikasten. Aurretik, sei urte eman zituen Gasteizko kontserbatorioan.

Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioan sei urte eman zituen gero, kantuko erdi mailako gradua egiten. Orain dela hiru urte, Bartzelonan, Salamancan, Iruñean, Donostian eta Madrilen azterketak egin ostean, azken hiria aukeratu zuen, goi mailako ikasketak egiteko. Lehenengo urtea "gogorra" izan zela onartu du: "Aramaio bezalako herri txiki batetik Madril bezalako hiri batera joatea aldaketa handia da; gainera, pandemiaren urtea izan zen, eta nahiko kaotikoa izan zen guztia. Baina, orain gustura, nago". Hirugarren maila egiten dabil aurten.

Etorkizunera begira, baikor agertu da Izaga: "Nik kantuan jarraituko dut, bizitza ematen didalako. Dena dela, ingeles filologiako ikasketak ere eginda dauzkat, eta ez dut baztertzen Hezkuntzako oposaketak prestatzea eta horretan egitea lan. Baina, musikan aritzeko aukera izanez gero, duda barik, hori aukeratuko dut, kantu mundua oso gogorra bada ere; jende asko gaude eta lan asko egin behar da".

Bitartean, hilero Aramaiora itzultzen saiatzen da. Euskal Herriko gazte abesbatzan abesten du, eta azaroaren 1eko zubian, Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan parte hartu zuen, Idoiarekin batera.

 

The Claytonen, lau aramaioar

Mikel Ullibarriarana - Aramaio (1999)

Aramaioko The Claytoneko baxua da Mikel Ullibarriarana. Ez da taldeak duen aramaioar bakarra; Jokin Larrañaga, Maxek Zalakain eta Pello Arriolabengoa ere badaude hor.

Bakarlariez gain, talde batean dauden aramaioarrak ere badaude. Mikel Ullibarriarana da horietako bat. The Clayton taldean dabil, besteak beste, Jokin Larrañaga, Manex Zalakain eta Pello Arriolabengoa aramaioarrekin batera. Ekain amaieran argitaratu zuten Phoenix izeneko lehen diskoa; bederatzi abestiz osatutako lanak lehendik zituzten abestien bertsioak jasotzen ditu; rock and roll estiloa da nagusi horretan. Aurreko hirurak bezala, Ullibarriarana ere "txikitatik" dabil musikan: "Arreba beti ibili da trikitixa eta pandero munduan, eta nik hortik jaso dut, eta lehengusua ere musika talde batean aritutakoa da". Hortik abiatuta, lehenengo gitarra jotzen hasi zen, eta gero, lagun baten bitartez, baxua; gaur egun baxua jotzen du orain dela lau bat urte sortutako taldean.

Ullibarriarana ez da talde batean aritzen den aramaioar bakarra. Sara Alonso Debagoieneko Nhil taldean dabil, abeslari eta piano-jotzaile moduan. 2017 amaieran sortu zen Nhil, eta 2020an, pandemia hasi baino egun batzuk lehenago, kaleratu zuten lehen diskoa: Aztarnak. Urte horretan bertan Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketa irabazi zuten. Orain, bigarren lana prestatzen ari dira. Asmoa da datorren urteko martxoan grabatzea eta ekainerako kalean izatea.

 

Alonso, Nhil taldeko abeslaria

Sara Alonso - Aramaio (1999)

Debagoiendarrez osatutako Nhil taldeko abeslaria eta piano-jolea da Sara Alonso; bigarren diskoa prestatzen ari dira, ekainerako kalean izan nahi dutena. Larraitz Arriolabengoa musika irakaslearen lehen piano ikaslea izandakoa da.

Musikarekiko duen zaletasunaz galdetuta, azaldu du etxean ez duela musikari profesionalik, aita txistularia bada ere. "Nire barrutik atera dudan zerbait da, denborarekin garatzen joan naizena. Txikitatik ibili naiz koroan; horrez gain, gero utzi banuen ere, biolina ikasten hasi nintzen, eta baita pianoa ere. Larraitz Arriolabengoa irakaslearen lehen piano ikaslea naiz ni", gogoratu du.

Larraitz Arriolabengoak irakasleak gehienak ezagutzen ditu. Gogorarazi du orain dela zortzi bat urte, bera Aramaiora heldu zen arte, Arrasate Musikalera joaten zirela aramaioarrak musika eta instrumentuak ikastera. Ordutik hona, beste lankide batekin batera, musika irakasten du; tartean, Sara Alonso eta Idoia Asurmendi izan ditu piano eskolak jasotzen, eta Maria Izaga eta Bea Asurmendirekin Papargorri abesbatzan dabil.

 

Familia eta ausardia, gakoak

Larraitz Arriolabengoa - Arrasate (1975)

Musika eskolak ematen ditu Aramaion; besteak beste, pianoa, gitarra eta txistua jotzen irakasten du. Papargorri abesbatzako zuzendaria ere bada, eta Alaiak erretiratuen elkarte barruan sortutako taldea ere gidatzen du.

Arriolabengoak musikarekiko aramaioarrek duten "maitasuna" azpimarratu nahi izan du. "Betidanik egon da zaletasun handia herrian; eta ez bakarrik txikien artean, baita gurasoen artean ere. Nik, esaterako, ume eta gazteen abesbatza gidatzeaz gain, erretiratuekin Alaiak elkarteko taldea ere badut. Etxe askotan kantatzen da. Baina, horrez gain, hemengo jendea ausarta da eta herrian jendaurrean kantuan egiteko edo musika tresna bat jotzeko aukera dutenean, beti egongo da baten bat prest; ez dute inongo erreparorik", aipatu du.

Ildo beretik, Idoia Asurmendiren ustetan, Aramaio herri txikia denez, direnek asko egiten dute zerbait antolatzeko. "Guztia ematen dugu. Horren fruitua gu musikariak izatea", nabarmendu du. Alonsori, berriz, "harrigarria" iruditzen zaio udalerrian musikarekiko dagoen "zaletasuna". Horrekin lotuta, Larraitz eta Manex Arriolabengoa egiten ari diren lana txalotu nahi izan du: "Zaletasun hori musika eskolatik elikatzen ari dira, eta hori goraipatzekoa da. Izugarrizko esfortzua egiten da umeak eta gazteak prestatzen; eta hori pozgarria da, gure atzetik ere badatozelako musikariak".

Elkarrizketa hau Alea paperekoak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu Goiena.eus-era. Jatorrizko artikulua hemen duzu ikusgai.    

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak