Baina zer gertatzen da gure esku ez dauden beste faktore batzuk jokoan sartzen direnean? Beste modu batean esanda, eta post honi dagokion esparruari helduta: sare sozialei erreparatuz gero, euskara hizkuntza normalizatua ote da? Ez, inondik inora.
Hiru sare sozialetan, Facebook, Twitter eta Linkedinen urte honetan zehar, gure agentzian izandako esperientziaren bitartez, kontatuko dizuegu zer hizkuntza politika dituzten sare sozial hauek publizitateari dagokionez:
Facebook: euskara onartu
Inoiz ez digute inongo trabarik jarri publizitatea euskaraz egiteko, eta normal normal erabiltzen dugu euskara sare honetako iragarkietan, gaztelaniaz pareko. Duela gutxi, Facebooken plataforma erabiliz Instagramerako iragarkiak ere egin daitezke eta, hor ere, sartu izan dugu noizbait euskara.
Twitter: Houston, we have a problem
Sare sozial honetan buruhauste galantak izan ditugu, euskara dela-eta, nahiz eta beti saiatu izan diren arazoak konpontzen.
- Behin baino gehiagotan geldiarazi egin dizkigute kanpainak euskaraz zeudelako. Twitterrera jo genuen azalpen baten bila, eta Bartzelonako teknikari batek maiatzean esan zigun Twitterrek ez zituela euskarazko txioak identifikatzen (euskararena ez da kasu bakarra) eta horregatik, mezuen esanahia ulertu ezean, automatikoki geldiarazten zituela. Hala ere, lanean ari zirela hutsune hau konpontzeko, nahiz eta berak ez jakin noizko. Bitartean, kanpaina bat geldiarazten ziguten bakoitzean abisatzeko, eta berak ipiniko zuela berriro martxan. Bere hitza bete zuen.
- Ekainean PuntuEUS Fundaziokoak Twitterreko ordezkariekin bildu ziren eta bi erabakiren berri eman zen bilera horren ostean: Twiterren .eus domeinuaren jauzia eta Twitterrek euskaraz idatzitako txioak identifikatuko dituela laster.
- Euskaraz egin ditugun azkenengo kanpainak ez dizkigute geldiarazi. Baliteke izatea plataformak ez duelako ezer “arrarorik” antzeman, inor ez delako konturatu euskaraz zeudenik, alegia. Twitterrek, dena dela, oraindik ez du jakinarazi euskara hizkuntza identifikatzen duenik.
Linkedin: euskararik ez
Gaur egun ezin da egin publizitaterik euskaraz Linkedinen, ez duelako hizkuntza identifikatzen. Honen gainean, joan zen hilean, azaroan, jasotako mezua.
Juan Luis Azkarate