San Milixan Eguneko erromerian dantzatzeko gonbidapena egin dute

Imanol Beloki Unamuno

Euskal dantzen saioetan ari direnak, entsegu batean bilduta. Argazkia: Rosa Urreta

Euskal erromeria izango da aurten San Milixan azokako berritasun nagusia. Hain zuzen ere, azaroaren 8an ospatuko dituzte sanmillixanak Leintz Gatzagan, eta artisauak, ekoizleak, gazta, taloak eta azokako ohiko eskaintza ez dira faltako. Aurten, gainera, berrikuntza berezi bat izango da eguerdian: Sorginak Emakume Elkarteko kideek antolatutako euskal erromeria.

Herritar talde batek dantza-ikastaroa egin du hainbat astean, eta domekan izango dute azken saioa. Ikastaroari jarraipena emateko eta dantza giroa plazara eramateko asmoz antolatu dute Sorginak Emakume Elkartekoek. Antolatzaileek herritarrak dantzan parte hartzera animatu nahi dituzte, baita euskal dantzekin gozatu eta erromeriaren murgiltzera ere; 12:00etan izango da hori. Hala, artisautzaz eta bertako produktuez gain, musikak eta dantzak ere izango dute lekua aurtengo San Milixan Egunean.

Dantzarako gonbidapena

"Aurten Gatzagako sanmillixanetan euskal erromeria ederra izango dugu! 30 herritar, gazte zein heldu, euskal dantzetan trebatzen aritu gara urriaren zehar trikiti soinu artean. Hala, erromeria 12:00etan hasiko da eta gatzagarrez gain, feriara etortzen diren guztiak ongi-etorriak izango dira...Ea denon artean giro aparta lortzen dugun! Beraz parte hartu, erosi, jan, edan...eta dantzara animatu! Soinuz, dantzaz eta kolorez jantzi dezagun Gatzaga:  etxean ditugun baserritar arropak  jantziz eta astinduz!", azaldu dute Sorginak Emakume Elkarteko kideek.

Guztira, hemeretzi postu

Aurtengo azokan artisauen eta ekoizleen hemeretzi postu izango dira guztira: hamabost artisau-postu frontoian eta beste lau kanpoaldean –barazkiak–. Horrekin batera, Zordanbidez Gatzagara Arrasatetik korrika irteera ere egingo da, 10:30ean, Errementari plazatik irtenda.

'Zordanbidez Gatzagara' korrikaldia

Zordanbidez Gatzagara, Arrasate eta Gatzaga lotzen dituen 14,5 kilometroko korrikaldia da. Kirola egitea, lagunartean ondo pasatzea eta parte-hartzaileen arteko giro ona sustatzea ditu helburu ekimenak. Irteera 10:30ean izango da, Arrasateko Errementari plazatik. Eguerdiko 12:00etan, parte-hartzaileek Gorosarri landetxean egingo dute geldialdia, indarrak berritzeko eta zerbait jan edo edateko. Ondoren, 13:00ak aldera, Gatzagako iturrira iristea aurreikusten dute. Han, dutxatzeko eta bazkaltzeko aukera izango dute.

Antolatzaileek taldean eta erritmo lasaian egitea proposatzen dute ibilbidea, helburua ez baita lehiatzea, baizik eta kirolaz eta lagunarteaz gozatzea. Parte-hartzaileek ibilbide osoa egin dezakete, edo nahiago badute, nahi duten zatian parte hartu. Nolanahi ere, taldearen erritmoa errespetatzea eskatzen dute. Ibilbide osoa osatzen dutenen artean, gainera, bi txapela banatuko dituzte; pertsona bakoitzak behin bakarrik eskuratu ahal izango du saria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak