Herri Batzarra egin dute herriko eragileetako ordezkariek, Udalarekin batera, eta, besteak beste, irailaren 6an, zapatua, 17:00etan, bigantxak izango direla adostu dute Leintz Gatzagako andramaixen egitarauaren barruan.
Herri batzarrean erabakita
"Ostiralean izango da jaien hasiera, eta haur batek irekiko ditu jaiak, egitarau xume bat izango dugu, gazteek gauerako antolatzen dituzten kontzertuekin batera, urtero moduan. Zapatuan, haurrendako ekintzak izango dira goizean, eta, aurten berritasuna bigantxak izango dira. Herri batzarra egin genuen, eta, eskaerak egonda, eta herrira irekita, bozkatzerakoan baiezkoa irten zen", adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak.
Herriko Plaza hesituta, ordu eta erdiko saioa izango da bigantxena; irailaren 6an 17:00etan izango da ikuskizuna.
Bigantxak Iñigo Almortza bergararrak eramango ditu, eta San Migel enparantzara aterako dituzte. Gorriti-rekin haurrendako saioak izan dira hainbat urtetan, baina oraingoan, haurrendako barik, 16 urtetik gorakoendako ekintza izango da honakoa.
Rock kontzertuak gazteen eskutik
Hori zapatuari dagokionez, baina, andramaixen lehenengo egunean, rock kontzertuak ere izango dira nagusi, urtero moduan. Gatza City Krew gazte taldeak antolatuta, Dirty Old Gasteiz, Inguma, Sotoalde eta Kremallera taldeak izango dira, egubakoitzean, hilak 5, Herriko Plazako oholtzan 22:00etan hasita. Punk-rock estiloa uztartzen duten hiru musika talde eta musika urbanoa eskainiko duen talde bat izango dira oholtzan.
Herri kirolak eta bisitarien etorrera
Domekan, bestalde, herritarrentzat zuzendutako ekintzak izango dira, batez ere, tartean herri kirola, eta, astelehenean Dorleta Eguna ospatuko du, eta Otxandiokoei ongi-etorria ere egingo zaie urtero moduan.