Betidanik nahi izan duzu zure etorkizuna kirolarekin lotu?
Bai; kirola egitea gustuko izan dut beti. Bereziki, naturarekin lotutako kirolak. Etxekoek eta gertuko lagunek eragin handia izan dute horretan, eta esango nuke horregatik piztu zitzaidala kirolarekiko interesa. Urtez urte, interesa zaletasun bilakatu da, eta orain, zaletasun hori interesa duen beste edonori transmititzen saiatzen naiz.
Zergatik Heziketa Fisikoko irakasle?
Ez nekien kirola zein arlotatik sakondu eta ikasi nahi nuen. Hortaz, hasieran ikuspegi asko landu nituen: kirol gestioa, kirol errendimendua, osasun fisikora bideratutako kirola eta eskola kirola, esaterako. Kirolaren eta jarduera fisikoaren alderdi horiek guztiak landuta, hezkuntzara bideratu nuen profil bat osatzen joan naiz. Azken finean, kirolak eta jarduera fisikoak pertsonengan dituzten eragin positiboak transmititzea eta praktikatzea dut gustuko, eta, are gehiago, naturarekin lotutako kirolekin bada.
Leintz Gatzaga herri txikia izanik, gazteek han egiten duzue egunerokoa?
Gatzaga pertsona bezala hezteko herri paregabea da. Hala ere, nerabezaroan gazteok herrian ez ditugu gure nahi asko asetzen eta gertuko herrietara jaisten gara. Nik zortea izan dut herriko belaunaldia nahiko handia izan delako –zortzi pertsona izan gara– eta, hortaz, denbora asko igaro izan dugulako herri inguruan. Herri txikietan hezteko zortea da beste belaunaldietako gazteekin izandako harremana oso estu bihurtzen dela. Hori, agian, herri handi batzuetan ez da gertatzen.
Eskalada-zalea izanda, Debagoienean bizitzea plazera da zuretzat?
Bai. Euskal Herrian, orokorrean, eskalatzeko kalitate oneko gune ugari daude. Etxetik gertu Araotz dago, eta baita Atxorrotxeko edo Erañako eskalada-guneak ere. Hala ere, sarritan Araba edo Nafarroa aldera ihes egitea gustuko dut. Bestalde, Debagoieneko eskalatzaile kopurua eta haien maila oso ona dela azpimarratuko nuke, eta eskalatzaile bezala hezteko gune aproposa dela uste dut.
Eskalatzera kanpora joan zarenean, zer tokik harritu zaitu gehien?
Zortea izan dut Debagoieneko eskalatzaile askorekin harreman sare bat eraiki izanagatik eta eurek eskalatzeko toki bikainak gomendatu izanagatik; besteak beste: Galizia, Katalunia, Pirinioak, Italia, Frantzia eta Suitza. Oraingoz, baina, gehien harritu nauen lekua Txile izan da. Santiagoko gertuko eskalada-gune asko ordainpeko guneak dira. Mendi batzuetara iristeko lur pribatuak zeharkatu behar direnez, lurretatik igarotzea eskudirutan ordaindu behar izateak asko harritu ninduen. Lurjabeek txakurrak eta beste objektu batzuk eramaten dituzte, norbaiti ez ordaintzea bururatuz gero, behintzat, bi aldiz pentsa dezan. Hala ere, leku eta pertsona oso atseginez osatzen diren eskalada komunitate asko daudela ikusi nuen.
Zergatik Txilera?
Sarri hitz egin nuen neskalagunarekin bidaia bat egitea gustatuko litzaidakeela. Hark beka bat lortu zuen Santiagon lan egiteko, eta nik eskalada eskolak emateko lanpostu-elkarrizketa bat lortu nuen. Txile begiz jota genuen herrialdea zen, batez ere, natur ingurune eder eta aberasgarri ugari dituelako eta Andeak ezagutu nahi genituelako. Lehenengo asteak gogorrak izan ziren, alokairu duin bat lortzeko zailtasun handiak izan genituelako. Eskerrak gure lagun Aritzek [Txilen bizi den debarra] eta Diegok ostatu eman ziguten euren etxeetan. Beste arazo bat izan zen lanpostuz aldatu behar izan nuela, bisa kontuengatik. Hala ere, eskola publiko batean Heziketa Fisikoko irakasle boluntario jardun nuen, eta azken hilabeteetan eskolako 16 eta 17 urteko gazteen boleiboleko irakasle izaten amaitu nuen. Esperientzia oso aberasgarria izan zen. Horrez gain, 200 biztanle dituen herri batetik 7 milioi dituen hiri batera bizitzera joateko jauzia handia eta, hasiera batean, gogorra izan zen. Aklimatatzea asko kostatu zitzaidan. Hala ere, hilabeteak aurrera joan ahala, hobeto egon nintzen. Zazpi hilabeteko egonaldia esperientzia izugarria izan zen arren, Euskal Herrian bizitzea pribilegio hutsa dela konturatu nintzen.
Kirolaz gain, baduzu bestelako zaletasunik?
Musika entzutea eta kontzertuak ikustea oso gustuko dut. Nahiz eta instrumenturik ez jo, musikak beti erakarri izan nau. Horretaz gain, argazkiak ateratzea gustuko dut, nahiz eta aspektu horretan oso trebea ez izan.
MOTZEAN
Bailarako mendi bat? Usakoatxa.
Bidaiatzeko toki bat? Hegoafrika
Abesti bat? Oasis-en Morning Glory.
Janari gustukoena? Etxeko patata-tortilla.
Basamortuko kita? Ura, iparrorratza, lozakua eta janaria.
Gatzagako txoko bat? Hiruerreketa.