Leintz Gatzagako Gatz Museoko arduradunak azaldu duenez, Aste Santuan zehar –apirilaren 17tik 20ra bitartean– 300 pertsona inguru hurbildu dira museoa bisitatzera. Bisitari gehienak ostegunean eta ostiralean bertaratu ziren, eta plazak azkar bete ziren; horregatik, hainbat lagun kanpoan geratu ziren. Larunbatean eta igandean ere mugimendu nabarmena izan da, eta askok ingurunea ezagutzeko aukera ere baliatu dute.
Museoak gatzaren ekoizpen tradizionalaren inguruko esperientzia aberatsa eskaintzen die bisitariei. Milioika urteko gatz-iturburuaren sorrera da ibilbidearen abiapuntua, eta Burdin Aroan hasi zen gatz ustiapenaren historia azaltzen da, 1972ra arte luzatu zena. Bisitan zehar, prozedura tradizionalaren nondik norakoak ezagutzeko aukera ematen da, eta XVIII. mendeko dorlak ere ikusgai daude. Erakusketa interaktibo eta didaktikoak publiko guztientzat egokitu dira, eta bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dira.
Bisita gidatuak jarraituko dute Pazko Astean
Gatz Museoak bisita gidatuekin jarraituko du Pazko Astean ere. Museoa irekita egongo da apirilaren 25ean, 26an eta 27an –egubakoitza, zapatua eta domeka–, eta interesdunek berriro izango dute aukera Leintz Gatzagako ondarea gertutik ezagutzeko.