1985-2025 40urte ez dira ezer… lelopean antolatu dute Toki Eder jubilatu elkarteko kideek Mertxe Urteagaren hitzaldia, eta gogoz daude antolatzaileak berbaldirako.
Gatz Museoan aztarna ugari topatutakoa
"Mertxe Urteaga da orain 40 urte Gatz Museoko arkeologia indusketak hasi zituen neska gazte hura, eta 40 urte geroago dator hitzaldi bat ematera, Gatzagara. Denbora tarte horretan lan asko egin du gure museoaren zein beste batzuen gainean. Irungo Oiasso museoaren zuzendaria izan zen,eta hango indusketak ere berak zuzendu zituen… besteak beste. Gurera etorrita, Erromatarren garaiko hainbat aztarna topatu zituen, dorlaren kokapena eta Gatz Museo inguruko zortzi dorlak…", adierazi du Perico Orobengoak, Toki Eder jubilatu elkarteko kideak.
Ibilbide luze eta oparoko hizlaria
Historian doktorea, Arkeologian espezializatu zen Mertxe Urteaga Valladolideko Unibertsitatean (1987). Gaur egun, arkeologo gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzako Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko talde teknikoko kide da. Prestakuntza amaitu ondoren, Aranzadi Zientzia Elkartean sartu zen, eta Arkeologia saila sortzen lagundu zuen. 1987 eta 1989 artean, gazteak arkeologian trebatzeko proiektua jarri zuen abian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz, eta, horren amaieran, Arkeolanen fundazioa sustatu zuen. Erakunde horri hainbat hamarkadatan lotuta egon da, eta bertatik aurkikuntza arkeologiko handiak egin ditu; besteak beste, Irungo erromatar portua. Aurkikuntza horri esker, eta beste hainbat elkartekiderekin batera, Irungo Oiasso Museoa sortu ahal izan zuen. Udalaren titulartasunekoa zen, eta 2006an ireki zenetik 2016ra arte haren zuzendaria izan zen. Bere ikerketa-ildo ezagunenetako bat erromatarren portuen arkeologiarekin lotuta dago, eta 2021ean EEHARrekin elkarlanean Itsasoen artean, Kokapena, azpiegiturak eta erromatar portuen antolaketa izeneko kongresua antolatu du. Azken urteotan Inperio osoaren esparru geografikoan egindako ikerketetan lortutako ekarpenak eta emaitzak bildu ditu.