Artoa zuritzeaz, adinekoek haurrei ezagutza transmititzeko

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ots. 14a, 09:46

Hainbat lagun, artoa ereinda dagoen soro batean. Argazkia: Eskoriatza Iruditan

Gurel Guraso Elkarteak antolatuta, domekan Toki Eder elkartean batuko dira herritarrak, 18:00etan. Bertan, adineko gatzagarrak kontu kontari arituko dira arto-zuriketa kontuez, herriko haurrekin.

Gurel Guraso Elkarteko gurasoek, herriko haurrei baserriko lanak nola egiten ziren irakasteko asmoz, Toki Eder Erretiratuen Elkarteko kideengana joan eta proposamena egin zieten kontaketa bat antolatzeko. Hori horrela, arto-zuritzeaz arituko dira kontu-kontari domeka honetan, gazteen eta adinekoen artean giro ona sortzeko asmoz.

Periko Orobengoa izango da kontu-kontari arituko den pertsonetako bat, adineko beste hainbat gatzagarrekin batera, eta, haren esanetan, gogoz daude haurrei irakasteko. "Gurelekoak etorri ziren, adinekook ipuin batzuk gazteekin egingo genituen galdetzera. Hasiera batean, aspaldiko pasarte batzuk kontatzea pentsatu genuen, baina, zer kontatu antolatzen hasita, arto-zuriketa kontuez soilik aritzea pentsatu genuen".

Teoria eta praktika

Berbaldirako materiala eramango dute, eta, teoriaz gain, praktikaldia ere izango dute bertaratzen diren gaztetxoek. Honela azaldu du Orobengoak: "Arto-lasto batzuk eramango ditugu, artaburu batzuk, lastoekin edo malutekin. Gero, garandu egingo ditugu artoak, bi eratara: kaskararekin, batetik, eta burdin batekin, bestetik. Gainera, irina ateratzen saiatuko gara, eta morokila ere egingo dugu, esnearekin hartzeko; txistorra pixka bat ere egingo dugu".

Transmisioa helburu

Domeka honetako saioaren helburua aspaldiko ohiturak herriko gaztetxoei transmititzea izango da, eta, bide batez, artoak ganaduarengan eta pertsonengan izan duen elikadura garrantziaz jabetzea, antolatzaileen esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak