Leintz Gatzagako erabilera askotariko udal lokala egokitzeko lanen barruan, eraikinaren alde batean –eskola zena– ludoteka, liburutegia, euskaltegi zerbitzua eta hitzaldi edo aurkezpenetarako eremua daude. Alboko lokalean, hau da, Jakion enpresaren bulegoa zegoen tokian, berriz, bilera-gela bat, podologia, ile-apaindegi eta fisioterapia zerbitzuak eta kultura taldeentzako bilgunea ahalbidetzen dituen gunea.
Egin beharreko lan guztiak iaz amaituta, ordutik hona martxan izan dituzte zerbitzu guztiak. Guztira, 51.140 euroko aurrekontuarekin egin dituzte lokaleko lanak, eta diru kopuru horren 25.365 euro Europar Batasunetik jasotako laguntza izan da; 6.341 euro, berriz, Eusko Jaurlaritzaren laguntza.
Elkarteentzako bilgune
Herriko taldeek batzarrak egiteko lokala Gurel Guraso Elkarteko kideek, Sorginak Emakume Elkarteko kideek, Dorletako Ama Txirrindulari Elkarteko kideek eta Toki Eder Erretiratuen Elkarteko kideek erabiltzen dute. Horrekin batera, komuna dute, behar izanez gero ordenagailua…
Podologia eta fisioterapia zerbitzuetarako txandak Labidean kudeatzen dituzte
Zerbitzuak ere martxan dituzte. "Podologia eta fisioterapia zerbitzuak guk kudeatzen ditugu. Fisioterapia zerbitzua hileko azkenengo asteko astelehenetan izaten da, hitzordua Labidean hartuta, eta podologoa, berriz, bi hilean behin, ostiral batean izaten da, eskaria ere Labidean eginda", adierazi du Perico Orobengoak, Toki Eder Erretiratuen Elkarteko kideak. Gaineratu duenez, garbitasunaz profesional bakoitza arduratzen da, eta garbiketa orokorra ere egiten dute aldiro.
Profesionalak, gustura
Ile-apaindegi zerbitzuaz Ainhoa Barandiaran gatzagarra arduratzen da: "Eguazten arratsaldeetan egoten naiz, baina, normalean, aurrez eskatzen dute hitzordua, telefonoz. Pozik nago orain artekoarekin…". Fisioterapia zerbitzua, berriz, Ibai Agirreurreta gatzagarrak eskaintzen du: "Herritarren egoera baloratzen dut, autonomoagoak izaten lagundu, indarra hartzeko lanketa ariketak prestatu, eta, minik badago, tratamenduetara bideratu…".