Guztira, hamasei lagun izan ziren bisita gidatuan: Aramaioko ekonomatukoak; Aretxabaletatik Kilokakoak eta Jon Harategikoak; Oñatiko Italikual dendakoak eta Jesus Harategikoak; eta Eskoriatzatik Altuna harategikoak, Aloña fruta-dendakoak eta Aingeru Gasolindegikoak. Haiekin batera Agurtzane Diaz Deba Garaia Landa Garapenerako Elkarteko teknikaria ere izan zen. "Komertzio bakoitzetik pertsona bat baino gehiago etorri zen; hamasei lagun, guztira. Badira komertzio gehiago bertako gatza sartzen dutenak, baina guztiak ezin izan ziren bisitara etorri", azaldu du Ahinara Zubizarretak, Leintz Gatzagako Gatz Museoko langileak.
Saltzaileei ateak ireki
Gatz Museoa eta gatz-ekoizpena ezagutzeko tartea hartu zuten bertaratuek, eta bisita antolatu izana garrantzitsua dela adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Gatzagako alkateak: "Museoa bisitatzeaz gain, Dorletako gatzaren ekoizpen prozesu osoa ezagutzeko tartea hartu zuten merkatariek; hala, gure gatzak ez daukala inongo gehigarririk ikusi zuten, nola jasotzen eta ontziratzen den… Oraingoan, gure gatza saltzen duten eskualdeko zenbait merkatari egon dira, baina asmoa da aurrerago ere bisita gehiago antolatzea, beste asko ere etorri daitezen".