Herriaren sorrera, historia eta bitxikeriak, bisita gidatu berezian

Imanol Beloki Unamuno 2024ko abe. 5a, 14:22

Leintz Gatzagako herri harresituaren bisita, Aitor Larrañagaren eskutik.

Erdi aroko herri harresituarekin lotutako bisita bereziak egiten ditu Aitor Larrañagak, Leintz Gatzagako Udaleko teknikariak. Eskaripekoak izaten dira bisitak, eta herriaren sorrera eta historia azaltzeaz batera, dituen bitxikeria ugari azaltzen ditu horietan.

Leintz Gatzagako herriaren sorrera eta historia ezagutzeko bisita bereziak egiten ditu Aitor Larrañagak, Leintz Gatzagako teknikariak eta Gatz Museoko arduradunak. Udaletxe alboko haur-parkean hasten ditu bisitak, bertatik ikusten baita gatz-gunea. Han, udaletxeko eraikin aurrean eraikinari buruzko datuak emateko aprobetxatzen du, eta, ondoren, Bateko Kopako iturrian egiten du geldialdia; iturria aipatzeaz batera, herrian zeuden zazpi sarrera-irteerei buruzko datuak ematen ditu. Amaitzeko, herriak zuen harresiaren bueltan ematen dio amaiera bisitari, besteak beste.

Herriaren sorrera

Herria sortu zeneko arrazoia azaltzen du lehenbizi Larrañagak. Alfonso XI.a Gaztelako erregeak, iturburua eskuratzeko grinak bultzatuta, 1331n hiri-gutun batekin herria sortu zuela azaltzen du. "Dorletako Santutegia garai batean iturburua zaintzeko eta bertan zuten jarduera ekonomiko guztia kontrolatuta izateko dorre bat zen. Dorleta hitza dorla hitzetik dator; bandeja bat da dorla bat; gatz-ura suarekin lagunduta gatz bihurtzeko erabiltzen den".

Publikotasuna mantendu

Gatza ekoizteko egurra behar zen garai batean, eta Leintz Gatzagan pinu gutxi eta hosto-zabal ugari daude. Horren arrazoia, hau da, baso eta zuhaitz ugari izatearen arrazoia gatza dela nabarmentzen du bisitan Larrañagak: "Desamortizazio garaietan, lurrak saltzen hasi ziren Gipuzkoako eta Bizkaiko herri askok, ekonomia berrindartzeko. Leintz Gatzagak ez zituen saldu, eta mendiaren publikotasuna mantendu egin zuen, eta orain arte mantendu da. Gaur egun, Gatzagako lurren %85 publikoak dira; herri-lurrak dira. Egin den kudeaketa oso kontzientea da, eta, pinuak ere egon arren, paisaiaren mantentzea egiten dugu: 46 barietate daude; gehienbat, pagoak eta haritzak dira".

Herria, mugitzen

Herriaren armarria udaletxeko eraikinean dago, eta bertan ageri da Dorletako gaztelua eta dorlak sutan, gatz-ura lurruntzen. Bisitako zati horretan, urtero-urtero herria milimetro bat mugitzen ari dela azaltzen du udaletxe aurreko geldialdian. "Geologia enpresa batek neurketak egiten ditu. 90eko hamarkadan lur-irristatze izugarria izan zen eta pitzadura esanguratsua agertu zen udaletxean. Udaletxea harriz harri desmuntatu eta diseinu berri batekin muntatu zuten. Harri guztiak banan-banan zenbatuta izan zituzten. XVII. mendeko eraikina da, 90eko hamarkadan berritu zena. Udaletxea kartzela ere izan zen, jendea artatzeko ostatua ere bai…".

Erdi Aroko herri harresitua

Herri barrura sartu eta Bateko Kopako iturriaren parean, Leintz Gatzaga herri harresitua zela adierazten du, eta herriak Erdi Aroko almendra forma mantentzen duela erakutsiz. "Harresia gurutzatzeko zazpi ate zeuden bere garaian, eta gaur egun bost mantentzen dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak