Herri afaria prestatzeko ardura, gazteen eskuetan

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ira. 6a, 08:44

Herritarrak iaz, mahaien bueltan.

Lantaldeetan prestatuko dute Leintz Gatzagako andramaixetako herri afaria zapatuan, 21:30ean. Aurten, herriko gazteek hartuko dute parrilletan aritzeko ardura, eta afaltzeko 140-160 lagun artean izango direla aurreikusten dute antolatzaileek.

Auzolanetik asko duen herri afaria izango dute gatzagarrek zapatuan. Andramaixetan bertakoentzat hitzordu kuttuna izaten da; lagunartean eta etxekoekin gustura egoteko unea. Hala ere, gorabeherak ere izan dituzte dena antolatzeko. "Taldeetan banatuta prestatu izan dugu beti herri afaria, baina parrilletan aritzen diren asko nagusiak dira, nekatuta daude, eta modu honetara egin beharrean catering bat kontratatzekotan izan gara. Hala ere, gazteek erreleboa hartu dute, eta oso pozik gaude", dio Juanito Bengoa zinegotziak.

Entsaladak eta parrilla

Entsaladez gain, parrillan prestatutako txerri saiheskiak eta txuletillak egingo dituzte afaltzeko, bakoitzetik 40 kilo inguru. Hala adierazi du parrillan lanean arituko den Iraitz Diaz gatzagarrak: "Ohiturari eusteko, gazteok animatuko gara aurten parrilletan janaria prestatzen, baina azpimarratu behar da lantaldeetan prestatuko dugula herri afaria. Sorginak emakume taldekoek entsaladak prestatuko dituzte, beste batzuek mahaia prestatuko dute, beste batzuek jendea mahaira bideratu eta ordenatu, eta beste batzuk parrillan arituko gara".

Eguraldiak baldintzatuta

Normalean, 140 eta 160 lagun artean batzen dira afaltzeko, eta, pertsona kopurua eguraldiak baldintzatuko duen arren, zenbaki horren bueltan ibiliko direla azpimarratu du Diazek: "Frontoi barruan bizi izan dut herri afaria, baina eguraldi onarekin kanpora ateratzea ere bada asmoa; ikusiko dugu…".

Afalostea girotzeko, Amaia DJa

Herri afaria amaitutakoan, erromeria doinuekin izango da Amaia Txintxurreta oñatiarra afalostea musikaz girotzen, 00:00etatik aurrera; herritarrak dantzara animatuko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak