Irailaren 6 iluntzean txupinazoarekin emango diete jaiei hasiera gatzagarrek, eta, udaletxe parean giroa handitzeaz batera, gaueko prestaketak hasiko dituzte. Izan ere, eguneko hitzordu azpimarragarriena gauean izango dute herritarrek: azken urteotan moduan, jaietako lehenengo egunean rock kontzertuak izango dira San Migel enparantzan, 22:30ean hasita.
Aurten ere proposamen ederrak egin dituzte Gatza City Krew gazte taldeko kideek bertara doazenen musikazaleentzako: Armarri, Txakurrak, Maniaks eta Aggressive Combat taldeak arituko dira oholtza gainean.
Arrasateko musika taldeak
Armarri 2023an sortutako laukote bat da, 80ko hamarkadako hardcorea, punk eta oi! musika estiloak eta Ingalaterrako hardcore garaikidearen eraginak uztartzen dituena.
Maniaks rock-and-rollaren munduan hainbat urte egotearen influentziaz sortutako Arrasateko talde berria da. Ekainean jo zuten lehenengo kontzertua, Arrasaten, Irati topalekuan, eta Laberintuak izeneko diskoa aurkezten izango dira.
Txakurrak taldea ere Arrasateakoa da, eta urteak daramatzate musika egiten. Taldearen bigarren lan luzea Gizatasunetik at! izenekoa da, eta uztailean argitaratu zuten disko berriko lehenengo aurkezpen kontzertua izango da.
Aggressive Combat ere Arrasatekoa da. 2004an Musakolako deposituetan sortu zuten taldea eta aurten 20 urte bete dituzte. Urteurrena ospatzeko, abuztuan AEBetan bira egin dute, eta, handik bueltan, Gatzagako oholtzara igoko dira.