Leintz Gatzagako festak direla eta, Lurraldebuseko zerbitzua indartuko dute

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ira. 4a, 16:38

Gatzagako autobus geltokira autobusa iristen.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak gaueko zerbitzuak jarriko ditu irailaren 6an, egubakoitzean, Leintz Gatzagako jaiak direla eta. Horrekin batera, Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak, jaietara gerturatuko diren guztiei garraio publikoa erabiltzera animatu ditu.

Azahara Dominguezek, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi duenez, Andramaixak direla-eta eskualdeko herriak lotuko dituzten gaueko zerbitzuak egongo dira, aisialdirako garraio publikoa erraztuz. "Mugikortasuneko, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentutik gipuzkoar guztiak modu eroso, seguru eta iraunkorrean joan ahal izatea nahi dugu, baita jaietan ere. Horregatik, Gipuzkoako beste herri askotan egiten dugun bezala, Lurraldebusen zerbitzua indartzeko ahalegina egiten dugu, nahi duten guztiek aisialdirako sarbidea bermatuko dien garraio publikoko zerbitzu on bat izan dezaten".

Garraio publikoa erabiltzeko deia

Dorleta Elkorobarrutia, Leintz Gatzagako alkateak, berriz honakoa adierazi du: "Gatzagako jaietako egitarauaz gozatu ahal izateko, autobus zerbitzua indartu da. Ohiko ordutegiaz gain, ostiral gauean autobus errefortzua egongo da Leintz Gatzaga eta Oñati artean (Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzan ere geldituko da autobusa). Egunerokotasunean autoak alde batera utzi eta Garraio publikoa erabiltzea ezinbesteko bada zer esanik ez ospakizun eta jaiegunetan: mugikortasun jasangarria sustatu, herri txikietako jaiak bailarara gerturatu eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzen baita! Udaletik Gatzagara gerturatuko zareten guztioi garraio publikoa erabiltzera animatzen zaituztegu".

Ordutegi berezia

Gatzagako jaiak direnez, 21:00etan, 23:30ean eta 00:00etan irteerak izango dira Oñatitik, eta honako ibilbide hau egingo dute: Arrasate (21:15, 22:45 eta 00:15), Aretxabaleta (21:25, 22:55 eta 00:25), Eskoriatza (21:35, 23:05 eta 00:35) eta Leintz Gatzaga (21:45, 23:15 eta 00:45).

Kontrako noranzkoan, Leintz Gatzagatik 1:00etan, 2:30ean eta 5:30ean irtengo dira, eta geldialdiak egingo dituzte Eskoriatzan (1:15, 2:45 eta 5:15), Aretxabaletan (1:25, 2:55, 5:25), Arrasaten (1:35, 3:05, 5:35) eta Oñatin (1:45, 3:15 eta 5:45).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak