Debagoieneko Antzerki Plataformako kideek eskaintzen duten hastapeneko antzerki ikastaroko gaztetxoak ikasturte amaierara iritsi dira. Leintz Gatzagako antzerki taldea osatzen dutenek asko ikasi dute orain arte; izan ere, egubakoitzero batu izan dira arte eszenikoen zenbait gako eta ikasgai barneratzeko eta saio horien helburu nagusiari eusteko; hau da, ondo pasatzeko.
Ikasgai ugari izan dituzte ikasturte osoan, Eider Sanz DAPeko kidearen gidaritzapean, eta, barneratutako ideiak praktikan jartzeko asmoz, amaiera borobila emango diote ikasturteari. Hain zuzen, plazara aterako dira gaur herritarren aurrean antzezlan bat egitera. "8 eta 11 urte bitarteko haurrak dira Gatzagako antzerki taldea osatzen dutenak; zazpi lagun, guztira. Ikasturtea oso ondo joan da, eta orain, ikasitakoa praktikan jartzea da asmoa", adierazi du Gatzagako antzerki taldeko Eider Sanz irakasleak.
Ikasitako praktikan jartzen
Hain zuzen ere, Medikuaren kontsultan izeneko esketxa prestatzen aritu dira etxekoen, lagunen eta saioa ikustera joaten diren guztien aurrean antzezteko. Eguraldi ona egiten badu, plazan izango da ikuskizuna eta eguraldi txarra egiten badu, berriz, liburutegian egingo dute; hain zuzen, Leintz Gatzagako erabilera askotariko gelan. Gaur, egubakoitza, izango da ikuskizuna, 18:30ean.
Testu gabe, gorputza erabiliz
"Lehenengo ikasturtea da Leintz Gatzagan antzerki taldea sortu dena. Oso ondo funtzionatu duela esango nuke. Antzerkiak alderdi ludiko bat du eta gure helburua ez da emaitza bat plazaratzea egubakoitz honetan. Ikasturte osoko lana plazaratzea da helburua. Joko bidez egin ditugunez saioak, horrela egingo dugu gaurko antzerkia. Testu gabe, gorputz espresioekin egindako saioa izango da. Izan ere, antzerkia bizitzeko zerbait da, eta adin horretan ondo pasatu behar dute, horrek izan behar du gakoa. Ahizpea Goenagaren esketx bat hartu dugu, eta haren idatzizko testua abiapuntu gauzatuko dugu. Testu luzeko lanekin ere ibili gara, baina euren neurrikoa aukeratu nahi izan dugu".
Taldearen jarraipena
Ikasturteari dagokionez, gurasoen eta ikasleen partetik jasotako feedbacka positiboa izan dela dio Sanzek: "Parte-hartzaileak pozik badaude eta antzerki taldearekin jarraitu nahi bada, izango dugu jarraipena".