Udal Finantzaketarako Foru Funtsak eguneratzeko erabakia hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.100 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, Eudelen Gipuzkoako Lurralde Batzordeak hori arautzen duen 15/1994 foru araua egokitzeko eskaera egin baitio Gipuzkoako Foru Aldundiari, herrien proposamenak gogoan. Hala, Debagoienari dagokionez, Leintz Gatzaga da baldintza hori betetzen duen herri bakarra, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 194 biztanle baitzituen 2023an; Elgetan, berriz, 1.119 ziren iaz, eta, beraz, ez da erabaki horren onuradunetako bat izango.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Izaro Elorza Oñatiko alkate eta Eudeleko ordezkariak azaldu duenez, 1994ko araudia eguneratzea dakar Diputazioaren azken erabakiak. Izan ere, haien hitzetan, azken 30 urte hauetan, 1.100 biztanle arteko herrietako udalei kopuru gehigarri finko bat esleitu zaie "herri txikiak izateak dakartzan zailtasun eta egoera berezituari aurre egiteko", baina banaketa hori berrikusirik gabe zegoen ordutik.
Bada, aurrerantzean, gainontzeko herrien eran jasotzen duten biztanleriaren araberako kuotaz gain, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren %1,2 gordeko zaie herri hauei eta ehuneko hori zati berdinetan banatuko da haien artean. Horretarako, asmoa da 2024ko lehen seihilekoan hori ahalbideratuko lukeen foru arau proiektua onartzea eta 2025eko UFFFaren banaketan indarrean izatea neurria.
Mendoza eta Elorza
Mendozaren hitzetan, "adostasun eta elkarlan eredugarria" dago hartu berri duten erabakiaren oinarrian: "Finantzaketaren ikuspegitik azken urteotan udalerri txikienek egindako eskaera horri erantzuten diogu, beren etorkizunaren alde eginez. Diru banaketa egokiago bat jasoko dute aurrerantzean, haien egoera berezituari erantzuteko eta herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua indartzeko balioko die, zalantzarik gabe". Are gehiago, azpimarratu du "lurralde oreka funtsezko balioa" dela Gipuzkoaren etorkizunerako, eta herri txikiak ere "funtsezkoak" direla, hala nola gipuzkoar askoren bizitoki ez ezik, euskararen eta euskal kulturaren "arnasgune" direlako eta "landa ingurune bizia" dutelako.
Elorzak, berriz, Eudelen izenean, azpimarratu du akordio honi esker Gipuzkoako 32 udalerri txikienek "baliabide gehiago" izango dituztela "zerbitzuak modu eraginkor eta efizientean emateko eta auzokideen eskaerei hobeto erantzuteko". Horrez gain, "udalen autonomian eta nahikotasun finantzarioan egindako aurrerapena" ere aipatu du: "Gure ustez, bide baten hasiera da, non hausnarketa zabalagoa egin behar den. Gipuzkoaren ordezkaritza EUDELen gaudenon adostasuna oinarri hartuta bidea urratzen jarraituko dugu eta gainerako erakundeekin elkarlanean".