Eugenio Otsoa hil zela urtebete pasa da, eta Gatzagako alkate izandakoa gogoratzeko ekitaldia prestatu dute gatzagarrek gaurko, egubakoitza. Herrigintzan nekaezina, pertsona umoretsua eta gatzagarren artean zein bertatik kanpo pertsona maitatua zena gogoratzeko ekitaldia hitzaldi batekin hasiko dute; argazki erakusketa bat izango da; eta, mokadutxo baten ostean, triki-poteoarekin amaituko dute.
Gertukoek gogoratzeko
Ekitaldi xumea izango dela azaldu dute antolatzaileek. "Gertutik ezagutzen genuenok hura gogoratzeko ekintza izango dugu gaur. Norbanakoez gain, herriko elkarte eta eragileetako ordezkariak batu gara eguna prestatzeko eta, bide batez, haren pasadizo batzuk kontatzeko. Eugenio gogoratzea, hori da helburua", adierazi du Jon Sasiainek, Dorletako Ama Txirrindulari Elkarteko kideak.
Hori horrela, lehenengo ekitaldia 18:30ean izango da, erabilera askotariko espazioan –eskola zegoen eraikinean–: Jose Mari Velez de Mendizabal historiazaleak Leintz Gatzaga bere historian izenburupean herriaren historia izango du berbagai. Hark azaldu duenez, "ordubeteko saioa izango da, arina eta modu ludikoan egindako kontakizuna. Herriaren gainean argitaratu gabeko kontu berriak adieraziko ditut, liburuetan jaso gabekoak, besteak beste", azaldu du Velez de Mendizabalek.
Argazki erakusketa plazan
Panel batzuetan Eugenio Otsoaren argazkiak jarriko dituzte, Leintz Gatzagako hainbat esparrutan agertzen dela. "Esaterako, Dorletako Ama Txirrindulari elkarteko kideek zenbait bizikleta jarriko ditugu Eugenio Otsoaren erretratu batekin. Museoan agertzen den argazkia jarriko dugu, Sorginak Emakume Elkarteko kideek ere gogoan izango dute Otsoa, haren erretratu batekin… Plazan jartzea da asmoa, eta, eguraldi txarra bada, frontoian".
Joxerra Agirreurretaren gutuna
Ekitaldira begira antolatutakoez gain, Joxerra Agirreurreta gatzagarrak gutuna idatzi du Otsoa gogoratzeko. Hemen irakurgai.