Batzuetan, eguerdi aldera, edo ilunkaran MA etortzen zaiguk kontu berriekin eta hirekin be akordetan gaituk, negarraldi bat egin eta berriz be gure jardunera. Lehengoan Mexikoko KTarekin etorri zuan. Semea omen zeukak Murtzian saskibaloian jokatzen: hura kankailua hura. KT-ek lau hizkuntza zekizkik eta GUKBAI batekin agurtu gintuan, GUK-BEBAI esan genioan agurtzerakoan; han joan zuan, gustora asko, andreak eta biok batutako onddoak janda.
Gainontzekoan, ospitalean izan nauk, Arrupek esaten zigun bezala, motorra retifiketan. Hamaika pastilla jarri eta jateko genero asko kendu zizkidatek: gatza, gazta, koipea eta bizitzeko poza. Hobe liketek mediku hauek gure bizimodua gozatzen eta lagunartea bultzatzen saiatuko balira, hainbeste debeku eta ezin etsigarri erakutsi beharrean. Bizi gaitezen bizi ahalik eta ondoen bihar ez badakigu zer datorren, Larrañagaren kantua, hori idatzi beharko liketek Osasun Zentroetako sarrera guztietan. Enfin, zer esango diat nik heu be hortik pasautakoa haiz eta.
Ai Eugenio hire falta sumatzen diat. Maillot museoa bideratuta genian, dena hitz eginda zegoan erretorearekin, aurrez aurre, hire estiloan, baina dena aldrebestu duk eta orain paper artean gaudek itota, nora jo ez dakigula. Baina aurrera goazak hik esaten huen bezala, espainiar armadak ez omen zian sekula atzera egiten, buelta erdi eman eta beti aurrera. Gu ere horrela goazak.
Lehengoan, Dorletan nengoela pasiera batean, negarrez hasi ninduan txoroen moduen, MA bakarrik ikusi nuenean. Negarraldiaren akaberan, bizitzaren paradoxak, barre be egin nian, zeren eta heuk esanda zekiat nola ibili zineten lardaxkan MA eta biok sanjoan bezpera baten, amabirjina testigu zenutela, platanero artean.
Beno Eugenio ondo izan eta zeozeren nobedaderik edukitzekotan abisua jo, nahizta jakin, Letek esaten zuen moduan, handik berriz itzultzerik ez dela asmatu oraindik.
----------
Joxerra Agirreurreta
Leintz Gatzaga