Leintz Gatzagako herritarrei iritsi zaie Andramaixekin gozatzeko aukera. Oporretatik itzulera goxatzeko aukera paregabea izango dute batzuek domekara bitartean; beste batzuek, aldiz, oporrak azken egunera arte zukutuko dituzte jaietan dena emanez. Jaiak, ofizialki, gaur eguerdiko 12:00etan hasiko diren arren, atzo bertan, arratsaldeko 19:00etan, lehen ekitaldia izan zuten herrian, nobena amaiera ospatu baitzuten. Orain, txupinazoarekin batera eztanda egingo du jai-giroak Leintz Gatzagan eta haur, gazte zein helduendako egitarau zabala antolatu dute.
Herritarrak ez ezik, kanpotik datozenak erakartzeko egindako lana dela azpimarratu dute udaletik. "Herritarrak baino, kanpotik datozenak erakartzeko prestatutako festak izaten dira Leintz Gatzagakoak. Herritarrok hiru egunetan lanean aritzen gara jaietan, baina gustura egiten dugun lana izaten da" adierazi du Juanito Bengoa zinegotziak. Era berean, jaiak elkarlanean prestatu dituztela aitortu du Bengoak: "Herriko eragile guztien laguntza izan dugu. Udalean bost lagun besterik ez gara eta ezin dugu lan guztia gure gain hartu. Hori dela eta, eskerrak eman gura dizkiegu herriko eragile guztiei".
Ohiturak eutsiz
Zalantzarik gabe bariku gaueko kontzertuak izango dira jende gehien erakarriko dutenak, bailarako talde ezagunak egongo direlako oholtza gainean; Erne, Kaleko Urdangak, Azken Sustraiak eta Lehen Lerroa taldeen doinu sutsuek gau giroa berotuko dute. Baina badira jaietan huts egin ezin duten ekintzak ere. Otxandioarrei ondo etorria ez da faltako urtero bezala eta ondoren jan-edana izango dute herriko plazan. Herri bazkaria izaten da ekintza jendetsuenetarikoa. Juanito Bengoak uste du "180 pertsona" inguru batuko direla mahaiaren bueltan aurten. Umeen puzgarriak eta jolasak ere ez dira faltako, eta, nagusiago direnek, bolo txapelketan izango dute lehiatzeko aukera gauean egingo den txapelketan.
Maila handiko herri kirolariak
Herri kirolek beti izaten dute xarma berezia herriko jaietan, eta, aurten ere goi mailako kirolariak arituko dira lanean herriko plazan. Aizkolarien aldetik, lehen mailan aritzen diren Julen Alberdi Txikia IV. eta Ugaitz Mugertza arituko dira. Lehenaren kasuan, 2019. urtean Gipuzkoako txapelduna izan zen, baina bere urterik oparoena iazkoa izan zen; Urrezko Aizkora, Urrezko Kopa eta Sherpa.ai txapelketetan irabazle izan zen. Ugaitz Mugertzaren kasuan, 2018ko Gipuzkoako txapeldun izan zen, baina, era berean, ibilbide luzea duen aizkolaria da. Bien palmaresa ikusita ikuskizuna bermatuta dago.
Harria jasotzen ere bailaran aski ezaguna den Paulo Azpiazu arituko da. Bi urte besterik ez dira Izeta II.aren harri-jasotze eskolan hasi zela, baina ordutik gaur egunerako bilakaera eta hobekuntza ikaragarriak izan dira. Iaz, Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketako bigarren postua eskuratu zuen eta Igeldoko harriarekin ere bigarren egin zuen. Aurten, momentuz, bi txapelketa irabazi ditu: Iraetako Errota Harria Txapelketa eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketa
Autobusak erabiltzeko deia
Jaietara hurbiltzeko asmoa duen jendeari garraio publikoa erabiltzeko deia egiten die Udaletik. "Gatzagan arazo bat dugu, aparkaleku gutxi daudela. Egunerokotasunean ez dugu arazorik izaten, baina horrelako jai egunetan, jende asko kotxez gerturatzen bada arazo handi bat izaten dugu. Hori dela eta, ez da komeni jende asko autoan etortzea. Garraio publikoa dago ordutegi on batekin eta hori aprobetxatzeko eskatuko genuke" adierazi du Juanito Bengoak.
Arazoa ekiditeko Lurraldebusek zerbitzu berezia jarri du gaur gauerako eta autobusak egongo dira igotzeko eta jaisteko, Oñatitik, Arrasatetik, Aretxabaletatik eta Eskoriatzatik, gau osoan zehar.