Jaien atzerako kontaketa abian

Hasier Larrea 2023ko ira. 2a, 09:40

Datorren astean ospatuko dituzte herriko jai nagusiak, Dorletaren omenezko Andramaixak. Ostegunetik domekara bitartean, makina bat ekitaldi daude antolatuta.

Gatzagakoek hartzen diete erreleboa irail hasieran, ikasturtea hasi bezain pronto. Herrigintza izaten dute ardatz, Udalaren eta Gatza City Krew, Sorginak, txirrindulari elkartea, jubilatuak eta Gurel moduko eragileen arteko elkarlana, alegia. Hala, "euskal giroan, falta zaizkigunak eta egoterik ez dutenak oroituz", ospatuko dituzte jai egunak, Dorleta Elkorobarrutia alkateak herritarrei bidalitako mezuan azpimarratu bezala. Eta urtero legez, esku zabalik hartuko dituzte bailaratik eta Otxandio ingurutik bertaratuko diren bizilagunak.

Eguenean, hilak 7, egingo dute jaien baitako lehen ekitaldia; 19:00etan nobena amaiera ospatuko dute, eta ordu erdi geroago ogi eta gazta mokadutxoa zain izango dute Dorletan.

KONTZERTUAK, AFARI HERRIKOIA ETA HERRI KIROLAK DIRA EKITALDI ESANGURATSUENAK

Ostiral bete-betea

Hurrengo egunean emango diote hasiera ofiziala Andramaixei, 12:00etan. Oinez etorriko diren otxandiarrei ongi etorri beroa egingo diete lehenengo: "Hango haurrak ere espero ditugu, jai hartuko baitute eskolan", aipatu du Aiora Elkorobarrutia Kultura zinegotziak. Segidan, Aretxabaletako abesbatzak girotuko duen mezarako bidea hartuko dute.

13:00etarako salda eta pintxoekin bete ahalko dute sabela. Etxeko txikienei dibertitzeko aitzakiarik ez zaie faltako ordurako: buruhandi, askotariko jolas eta bonba japoniarrekin entretenitzeko aukera izango dute bazkal aurretik, eta ostean, 17:30ean, bainu jantzia jarrita azalduko dira kalera, apar festaz gozatzeko.

Gauean, boloak eta punk-oi! kontzertuak

Ilundu ahala beste tonu bat hartuko du egitarauak. Uztailean Eugenio Otsoa izena jarri zioten bolatokia 21:00etarako irekiko dute, eta 23:00etan bolo txapelketari ekingo diote.

Bien bitartean, herriko plazan punk-oi! kontzertuak bereganatuko du arreta, 22:00etan hasita. Gatza City Krew-ko antolatzaileen ekimenez, Erne, Kaleko Urdangak, Azken Sustraiak eta Lehen Lerroa taldeek berotuko dute giroa abesti sutsuekin. Hortaz, tokiko musika talde entzutetsuei oholtza eskainiko diete ostera ere Andramaixek, eta jarraitzaileen aldetik harrera jendetsua espero dutenez, joan-etorria Lurraldebuseko autobusetan egiteko zerbitzu berezia egongo da 21:00etatik 05:00ak arte. Food-truck bat ere jarriko dute ordu txikitan afaldu ahal izateko.

Zapatuan, afaria eta dantza

Hurrengo egunean txistulariek esnatuko dituzte parrandazaleak 10:00etarako. 11:30ean, Potx magoak ikuskizuna eskainiko du, eta 13:00etan Los Tenampas mariatxien kantu itsaskorrek mugituko dituzte askoren gerriak. Bezperakoen ildotik, haurrek oraingoan puzgarrietan egin ahalko dute jolas, 16:00etan hasita. Kartazaleei, berriz, briska eta mus txapelketetan jokatzeko tenorea 17:00etan iritsiko zaie. Arratsaldea musikaz janzteko ardura Arizmendi Ikastolako txarangak izango du zapatuan, 18:00etarako.

Zalantza barik, gatzagarrek gogo handienarekin hartzen duten ekitaldietako bat da herri afaria. 21:30ean eseriko dira frontoiko mahaien bueltan, entsalada, haragi-errea eta flana jateko. Afal ostean erromeriara batuko dira, Ken Bat taldeak joko dituen kantuak ez baitira oharkabean pasako inorentzat: "Jendea ez dadila Ken Zazpi taldearekin nahastu", adierazi du Elkorobarrutiak.

Herri kirolak bukaeran

Domekak zapatuaren tankeran argituko du, txistularien kalejirarekin. Azken eguneko plater nagusia, ohi bezala, 12:30ean hasiko diren herri kirolak izango dira. Goi mailako aizkolari eta harri jasotzaileen indar erakustaldiek txundituta utziko dituzte ikusleak, beste behin. Ekitaldiaren ostean, 13:30ean, trikiti doinuekin alaitutako pintxo-poteoan murgilduko dira herritarrak. Flamencoa eta euskara uztartuko dituen emanaldi akustiko goxoarekin amaituko dituzte aurtengo jaiak, Alarma Morea hirukotearen eskutik, 18:30ean.

Gatz Museora bisitak

Bestalde, herriaren jatorria sakon ezagutzeko parada ere izango dute jaietara doazen bisitariek. Izan ere, ostiraletik domekara bisita gidatuak egingo dituzte Gatz Museoan, 12:00etan euskarazkoak eta ordubete beranduago gaztelerazkoak.

"Errespetuz gozatu"

Gatzagako Udala eskertuta agertu da jaiak aurrera ateratzeko ekarpena egin duten guztiekin, eta honako mezua helarazi du: "Betaurreko moreak aldean ditugula, jaietako aterkirik politena gure herriko mendi magaletan marrazten den ostadarra izan dadila; arduraz eta errespetuz goza dezagun".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak