Mugikortasuna ardatz, herria bizirik egoteko

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko eka. 16a, 12:00

Gatzagako autobus geltokietako bat.

Azken aste hauetan Hautesle Elkarteko kideak herrian Mugi txartelaren inguruko informazioa ematen aritu dira atez ate, eta, bide batez, herritarren iradokizunak jaso dituzte. 31 pertsonari Mugi txartela eskatzeko tramiteak egiten lagundu diete. 

Urte batzuk badira jada Gatzagan behera Eskoriatzara eta Aretxabaletara joateko ibilbide zirkular bat egiten zuen autobusa jarri zela. Harrezkero, orduro –eguerdiko tarteren batean izan ezik– Gatzagatik Eskoriatzara joateko autobusa hartu daiteke, baina ordu bikoitietan pasa dadin deitu egin behar da, eskaripeko zerbitzua baitago. Herriko alkatea izango den Dorleta Elkorobarrutiak eman ditu xehetasun gehiago: "Duela hiru urte Aldundiko Rafaela Romero diputatuarekin elkartu ginen, geneukan zerbitzua hobetu nahian. Garai hartan Eskoriatzaraino heltzen ziren autobusak eta ordutegi batzuetan, behintzat, Aretxabaletaraino heltzeko beharra ikusi genuen".

Hori dela eta, Bigarren Hezkuntzako lehen mailatik aurrera ikastetxe zerbitzua Almen ikastolan eta Kurtzeberri eskolan izanda, eta arratsaldeetako eskolaz kanpoko jarduerekin edo lagunekin elkartzen diren gazteek bueltarako zerbitzua Aretxabaletatik hartzeko aukera izan beharko zuketela irudituta, horrela eskatu zuten. Hala, Elkorobarrutiak azaldu du ordutik hona arratsaldeko ordutegian hiru autobusek Gatzaga-Aretxabaleta-Gatzaga zerbitzua ematen dutela.

Herria bizirik mantentzeko

Gatzaga bizirik mantentzeko funtsezkoa ikusten du mugikortasun duina izatea Elkorobarrutiak: "Herri txikiok bizirik iraun dezagun mugikortasuna beharrezkoa da, eta hori aldarrikatzen jarraituko dugu". Ildo berean, uste du "bidezkoa" dela mugikortasun horrek gutxieneko baldintza batzuk betetzea; besteak beste, gazteen egunerokotasunari erantzutea edo pertsona nagusien beharrei aurre egiteko aukera ematea. "Ezin ditugu mendeko egin beste edonon independente izango liratekeenak", eta gaineratu du hori dela herriaren garapenaren aurkako puntu garrantzitsuenetako bat. Azalpen gehiago eman ditu: "Herriak zerbitzurik ez badu, gainontzeko herrietako zerbitzuetara heltzeko aukera egokia eduki behar dugu".

Mugi txartela

Mugikortasunak Leintz Gatzagan duen berebiziko garrantzia kontuan izanda, azken aste hauetan herrian Mugi txartelaren inguruko informazioa ematen aritu dira Hautesle Elkarteko kideak, atez ate. Autobus zerbitzuaren gaineko informazioa zabaldu gura izan dute, eta, bide batez, herritarren iradokizunak jaso. Elkorobarrutiaren esanetan, guztira, herriaren bueltan ibiltzen diren 125 pertsonarengana jo dute banan-banan, eta horietatik 31ri Mugi txartela eskatzeko tramiteak egiten lagundu diete. Hori dela eta, Elkorobarrutiak nabarmendu nahi izan du "%95ek Mugi txartela izatea" lortu dutela.

Hitzordua Aldundian

Bihar alkate izango denaren usteetan, datu horiek adierazten dute herriak mugikortasun jasangarria bultzatzen duela. Horregatik esan du berriz ere jarriko direla kontaktuan Aldundiarekin, euren eskariak bideratzeko eta galdeketa horretan ateratako beharrak kontatzeko. Aurrera begira, Gipuzkoako Foru Aldundian hitzordua eskatuko dute, egindako lanketa horrek erantzuna merezi duela uste dutelako. Azalpen gehiago eman ditu Elkorobarrutiak. "Ez dugu zerbitzua hankaz gora jarri nahi, dagoena hobetu baino ez dugu eskatuko; ordutegiek, geltokiek eta ibilbideek herritarrek esandako beharrei ahal den ongien erantzuteko proposamenekin joango gara, proposamen guztiz bideragarriak dira eta", nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak