Iker Barandiaran: "Ez dut gauez sekula korrika egin, ea nola moldatzen garen"

Hasier Larrea 2023ko eka. 10a, 09:12

Mendi-lasterketetan ikusle izatetik partaide izatera pasa da gatzagarra. Gaur, 22:00etan, Eskoriatzako Gabez Takarraran lasterketako irteera-lerroan izango da, korrika hasteko prest.

Eskoriatzako Gabez Takarraran lasterketan parte hartuko du lehen aldiz, bihar, Iker Barandiaranek (Leintz Gatzaga, 1994).

Berria zaitugu mendi lasterketetan. Zer dela-eta probatu duzu?

Badut lagun talde bat mendi lasterketetan parte hartzea gustuko duena: Beñat Agirreurreta, Asier Urizar, Beñat Illarramendi, Iñaki Santamaria, Asier Azkarate... Haiek lehian ikustera joaten nintzen sarri, eta xaxatu egin ninduten neu ere anima nendin. Azkenean, probatu egin nuen eta gustatu egin zitzaidan.

Ze mendi probatan hartu duzu parte orain arte?

Joan den apirilean jokatutako Mondraitz lasterketa egitea zen hasieran markatu nuen helburua. Hura hobeto prestatzeko Zumarragako UZ Trailen egin nuen debuta martxoan. Gero, esandako moduan, Mondraitz egin nuen. Duela bi asteburu, Zaldibiako mendi lasterketa motzean aritu nintzen, bestalde. Beraz, zapatukoa laugarren proba izango da niretzat.

Esan daiteke etxean jokatuko duzula, ezta?

Gabez Takarraraneko ibilbidea ondo ezagutzen dut, bai. Aurreko aldietan Atxorrotxera eta Makatzgainera igotzen nintzen lasterketa ikustera. Makatzgainerako joan-etorria sarritan egiten dut, gainera, entrenamendu moduan, asko gustatzen baitzait. Baina, egia esan, ez dut inoiz gauez korrika egin. Hala ere, gogotsu nago, nola irteten den ikusteko irrikaz.

Lehiakorra zara?

Mendi lasterketak ondo pasatzeko eta kirola egiteko egiten ditut, baina lehia puntu horrek ere erakartzen nau. Hamar urtean jokatu nuen UDAren areto futbol taldean, eta bizikletan ere ibili izan naiz.

Nolako lan-saioak egiten dituzu?

Hasieran, ez nekien nola hasi; beraz, Beñat Agirreurretari eskatu nion jarraibide batzuk jartzeko. Jarduera fisikoko enpresa du Beñatek: BA. Kirol Zientziak. Batean, mendian aritzen naiz ordubetez balio batzuk lantzen; bestean, indarrari ematen diot garrantzia gimnasioan; hurrena, bizikleta hartzen dut... Mendi lasterketen mundu honetan sartzen asko lagundu dit Beñatek, baina baita AIKEko fisioterapeutek ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak