Bergaratik abiatu eta Arrasate eta Aretxabaletatik pasatu ondoren Eskoriatzan bukatu zuten lehenengo eguna; hala jakinarazi zuten: "Gaua Eskoriatzako kiroldegiko gimnasioan pasatu dugu, jubilatuen etxean oso ongi afaldu ondoren".
Martitzen goizean Leintz Gatzagarantz abiatu ziren Gatz bideari helduta. Gatz museoa erakutsi zieten han eta herri proiektuaren berri eman; ondoren, pilotalekuan bazkaldu zuten: "Juanito, Ina, Eusebio, eta Perikok prestatutako paella ederra jan dugu; errege-erreginen pare zaindu gaituzte". Handik Arabarantz abiatu ziren, Landa aldera: "Dorleta Santutegitik pasatuta, Arlabango errepidetik Landara iritsi gara trenbide zaharretik".
Bigarren etapak emandakoarekin pozik ziren zeharkaldira batutakoak: "Oso emaitza onak eman ditu. Herri askotako zinegotzi eta alkateak atera dira. Herriko jendea hurbildu da. Zutabeak osorik diraute eta ez da sortu inolako arazorik. Gure 1.080 euroko aldarrikapena zabaltzen doa lau haizetara".
Eguenean manifestazio bateratua
Eguenean, hilaren 25ean, Gasteizen elkartuko dira Arabako eta Bizkaiko zeharkaldia egin dutenekin. Manifestazio bateratua egingo dute Legebiltzarrera. 11:00etan abiatuko da manifestazio hori Iparraldeko Gizartetxetik.