Dorleta Elkorobarrutia: "Herrian bizi diren gazteak mantentzeko eta berriak erakartzeko lan egingo dugu"

Miren Arregi Amasorrain 2023ko mai. 1a, 07:00

Dorleta Elkorobarrutia (Leintz Gatzaga, 1973) da Leintz Gatzagako Hautesle Taldearen hautagaia. Laboral Kutxako Marketing departamentuan lan egiten du eta ez du lehen aldia udaletxean, zinegotzi izan baitzen 1999-2003 agintaldian. Hautesle Taldea da herrian aurkeztu den zerrenda bakarra; bost lagunek osatzen dute, horietatik lau, emakumeak.

Zeinek konbentzitu zintuen zerrendaburu joateko?

Nik neuk konbentzitu dut neure burua hausnarketa askoren ondoren, baina erabaki horretara heltzeko herritar talde bat ibili da buru-belarri "presio" lanetan.  Ez da azken momentuko kontua izan, iaztik batzuk hasiak ziren nirekin hizketan. Egia da, halere, oso estiman izan dudan eta herriarendako langile sutsua izan den norbaitek eman zidala azken bultzada. Hark burua eta bihotza ukitu zizkidan eta, ba...aurrera!

Zergatik aurkeztu zara?

Gatzagar bezala, herriarekiko konpromisoa sentitu izan dudalako beti.

"Oso estiman izan dudan eta herriarendako langile sutsua izan den norbaitek eman zidan aurkezteko azken bultzada"

Zerk ematen dizu bertigo gehien?

Erantzukizunak. Izugarri maite dut gure herria eta merezi duen errespetuaz jokatzea gustatuko litzaidake. Niretzat Leintz Gatzaga altxorra da.

Ideologikoki nola definituko zenuke zure burua?

Ezkertiar gisa.

Nolakoa da Dorleta?

Guztiok bezala, bakarra. Horrelako besterik ez dago, bere gauza on eta txarrekin –onak gehiago direlakoan nago–, baina agian niri ez zait hori erantzutea tokatzen.

Zein da herriko zure txokorik gustukoena?

Herriko txoko asko ditut gustuko, baina, txikitako oroitzapenak ekartzen dizkidaten horiek dira niretzat maiteenak: Labidean –kanposanturantz doan bidean– dagoen harrizko mahai baten pasatu ditut ordu asko ikasten; Dorletarako bidean dauden zenbait txoko... urteak pasa ahala berdin mantendu diren horiek ekartzen dizkidate oroitzapen eta bizipen gehien eta normalean bizipenek egiten dute toki bat polit.

Zer da Leintz Gatzagatik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Zer gehien zaila egiten zait, gauza asko eta asko dira. Gutxien... Aldapa? Baina bueno, gustuko tokian aldaparik ez!

Zure herria nolakoa den, zein ezaugarri dituen kanpoko bati azaldu beharko bazenio, zein kontatuko zenioke?

Altxor bat da, gure aitzindariek landutako harri bitxi bat, gaur egun oraindik izugarrizko dirdira duena. Esentzia mantendu du eta oraindik oso erakargarri izaten jarraitzen du. Ezagutzera eman behar dugu.

Aisialdia zertan ematen duzu? Zer egitea gustatzen zaizu?

Mendia dut gustuko, lagun artean eta familian disfrutatzea, toki eta pertsona interesgarriak ezagutzea. Irakurtzea, zinea eta musika ere gustatzen zaizkit, baina, lehenengo aipatu ditudan horiek niretzat ezinbestekoak dira, bigarrenak, gustukoak.

Gaurkotasuna jarraitzen duzu?

Baiezkoan nago.

Informatzeko nora jotzen duzu?

Goizetan irratiak entzuten ditut eta iluntzetan online prentsari begirada bat botatzen diot. Egia esan albisteak telebistan ikusteko tarterik ez dut bilatzen. Paperean kontsumitzen dudana Goiena da, gertuko informazioa izateko ezinbestekoa.

"Hutsik dauden etxebizitzen lanketa, mugikortasun jasangarria sustatzea edo udal eraikinen erabilera eraginkorra egitea dira landuko ditugun lan-ildo batzuk"

Zein da zure herriaren premia nagusia? Erronkarik handiena?

Herri txiki izanik ere, bizirik mantentzea.

Zer proposatzen duzue premia hori mantentzeko?

Leintz Gatzaga jasangarri izateko lan-ildoak ongi markatzea. Jasangarritasunaz hitz egiten dugunean denoi etortzen zaizkigu burura ekologia, natura, klima aldaketa, jasangarritasun soziala... Baina, herri txikiok jasangarri izateko gure erronka propioak ditugu eta horiei aurrez-aurre heltzea da erronkarik garrantzitsuena. Garena garelako gara, baina, izaten jarraitu nahi dugu. Horregatik, Gatzagan bizi diren gazteak eta familia gazteak bertan mantentzeko lan egingo dugu buru-belarri eta baita herritar berriak erakartzeko ere. Horrek ez du esan nahi gure nagusiak ahaztuko ditugunik, ezta gutxiago ere, baina, badugu hor arrisku bat eta horri buelta eman beharrean gaudela uste dut. Horretarako, entzun, eta ahal den neurrian behar eta eskaera horiek suposatzen dutena landu eta erantzuna ematen saiatu beharko dugu.

Zein proiektu zehatz burutzea gustatuko litzaizuke?

Aurretik martxan dauden proiektuak ezagutu beharko ditugu lehenik, baina, paraleloki beste lan-ildo batzuk landuko ditugu. Guk buruan badarabiltzagu garrantzitsu ikusten ditugun batzuk. Hutsik dauden etxebizitzen inguruko lanketa, mugikortasun jasangarria sustatu, udal eraikinen erabilpena eraginkortu...

Bostetik lau emakume zerrendan. Nola baloratzen duzu?

Oso positibo, nik uste Leintz Gatzagako udalean inoiz ez dela horrelakorik egon eta hau gizartean emakumeok hartu dugun ahalduntzearen isla da. Gatzagan beti izan gara oso aktibo herri kidetzan eta orain aurrera pauso bat eman dugu.

Alkate izendatzen zaituztenean, egingo duzun lehen gauza?

Entzutea. Aurrekoei eskerrak eman egindako lanagatik, eurengandik ikasi eta entzun, herritarrei entzun.

"Ez daukagu politikari profesional talderik, herritik eta herriarentzat lan egiteko ardura hartu dugun bost gatzagar gara"

Zein da zuen hauteskunde programaren gauzarik inportanteena?

Programa elektoralik ez daukagu politikari profesional talderik ez dagoelako... herritik eta herriarentzat lan egiteko ardura hartu dugun bost gatzagar gara gu eta horrek suposatzen duen dibertsitateaz, noski.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak