Munduko hizkuntzen basoa izeneko proiektuaren berri eman zien Jon Sarasuak Leintz Gatzagako herritarrei, atzo arratsaldean, herriko kultura etxean. Berak eginiko proiektua da, Jakoba Errekondo izan du bidelagun, eta proiektuaren oinarrian munduko hizkuntza guztiak –7.000 inguru– dagoeneko existitzen den baso batean batzea da. Modu horretan, hizkuntza bakoitzak bere zuhaitza izango du. Sarasuak aurreratu duenez, basoa Gatzagan kokatzeko aukera aztertzen ari dira; hain zuzen ere, Hiruerreketa inguruan.
Dioenez, proiektua Gatzagan garatzeak zentzua du, besteak beste, Gatzaga baso publiko "asko" dituen herria delako, baina adierazi du Gatzagako Udalaren eta herritarren erabakia dela: "Gatzagako Udalaren eta herritarren erabakia da. Nik horretaz ezin dut gauza handirik esan, baina inpresioak onak dira. Dena den, uste dut animoak eta gogoak badaudela aurrera egiteko".
Juanito Bengoak, Gatzagako Mendi zinegotziak azaldu du Gatzagan egitea "begi onez" ikusten dutela; baina, herritarrei aurkeztu ostean, jakin nahi dute ea herritarrek ere begi onez ikusten duten.
Lehendabiziko hizkuntzen basoa
"Euskal Herria munduko hizkuntzen interesgune ari da bihurtzen, euskara delako bakarrenetakoa munduan, azken 60 urteetan biziberritzeko prozesu sendo samarra egin duena", dio Sarasuak. Testuinguru horretan sortu du Munduko hizkuntzen basoa proiektua.
Esan bezala, "epe luzerako proiektu" honen ezaugarri bat da bilakagarritasuna: "Ez dugu planteatzen hasieran inbertsio beharko lukeen zerbait. Existitzen den basoa hartuko genuke. Ez da museo bat eraikitzea bezala. Poliki-poliki eratzen joango litzateke". Sarasuak aurreratu duenez, zuhaitzek "seinalizazio minimalista" izatea da asmoa, eta aldi berean, QR teknologiaren bidez, hizkuntza horretako audioak nahiz testuak entzun eta irakurtzeko aukera ematea. Gainera, bisitariek ere izango lukete aukera informazioaren gehikuntzat parte hartzeko.
Sarasuaren hitzetan, "momentuz, munduan horrelakorik ez da existitzen; ez daukagu beste erreferentziarik zentzu horretan. Munduan bakarra edo lehendabizikoa izango litzateke".
Hurrengo pausoak
Behin proiektua Gatzagan aurkeztuta, Leintz Gatzagako herriaren eta udalaren aldeko apustua ziurtatu behar dutela dio Sarasuak: "Ondoren, Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara joatea da asmoa, proiektua elkarrekin aurkeztera. Horrek eskatuko luke baita ere munduko hizkuntzei buruzko adituen, Soziolinguistika Klusterraren edota Unesco elkartearen bezalako elkarteen inplikazioa".