Jaiotzez gatzagarra den arren, Otxandion bizi da Aitor Ajuria (Leintz Gatzaga, 1998) mendi lasterkaria. Amari Hiru Handiak proba prestatzen hasi zen murgiltzen mendi lasterketen zaletasunean, eta, ordutik, gogor entrenatzen jarraitzen du 24 urteko gazteak, eta hasi zenetik palmares ikusgarria du batuta Ajuriak.
Mendiarekin txikitatik lotura izan arren, noiz hasi zinen mendi lasterketetan lehiatzen?
Mendian beti aritu izan naiz, baina, korrika barik, oinez edo bizikletan. Zehazki, 17-18 urte nituela hasi nintzen mendiko lasterketetan. Futbola utzi berri neukan eta nire ama Hiru Handiak proba prestatzen ari zen. Hori horrela, harekin batera hasi nintzen mendira joaten, txakurrarekin batera, hari laguntzen, eta orduan zaletu nintzen.
Arrasate-Udalatx, Sorginen Lasterketa… Mendi lasterketa asko irabazi dituzu. Gogoangarririk?
Garaipen guztiak dira gogoangarriak, baina duela bi urteko Aloñako Igoera izan zen lasterketa bereziena. Bertan izaten den giroa izugarria da eta ilusio berezia egiten dit Oñatiko lasterketak. Hala ere, Arrasate-Udalatxen, esaterako, Otxandioko beste lagun batekin sartu nintzen helmugan; iaz, Munduko Kopako finalean, Gorbeian, seigarren izan nintzen; Euskal Herriko txapeldun izan nintzen Kilometro Bertikalean…
Irabaztea duzu helburu beti?
Ez; disfrutatzea da nire asmoa eta hasi nintzenetik ahal dudana egiten saiatzen naiz. Aurkariek uzten didatena. Nik egiten ditudan lasterketak 30 kilometrorainokoak izaten dira; beraz, lasterketa horiek prestatzen ari bazara, kilometro bertikaletarako ere gertu zaude. Gainera, kilometro bertikalak izan ziren nire lehenengo lasterketak eta asko gustatzen zaizkit. Era berean, osagarriak dira lineakoekin, eta, beraz, bietan arituko naiz aurtengo denboraldian ere.
Mendi lasterketetarako gertu egoteko ondo entrenatzea ezinbestekoa da, baita elikadura ondo zaintzea, ezta? Asko exijitzen diozu zeure buruari?
Kepa Larrea da nire entrenatzailea eta hark markatzen dit entrenamendua. Astean zazpi edo zortzi entrenamendu-ordu izaten ditut, asko jota, eta ondo doakit horrela. Gogoa izatea eta konstantzia da garrantzitsuena. Horrekin batera, elikadura ere garrantzitsua da, eta ni, baserrikoa izanda, etxean prestatzen dutena jaten dut; produktu ona jatea, hori da gakoa. Lasterketa aurretik gutxiago jan behar izaten dut, baina ez naiz obsesionatzen.
Domusa Teknik taldea sortu da puntako korrikalariekin. Tartean da, esaterako, Ainara Urrutia mendi lasterkari aretxabaletarra. Nola sortu da taldea?
Domusa Errezilgo kooperatiba bat da, galdarak egiten dituena. Iaz, Azpeitiko lasterketa batean sartu ziren babesletza eskaintzera eta aurten, berriz, apustu sendoagoa egin dute mendi lasterketetan talde propioa sortzeko. Formatu berria da; izan ere, Salomonek, Sportivak edo Euskal Herrian kirol denda batek eskaini ohi du babesletza.
Denboraldia hastear, dagoeneko prestatzen hasita, helburu jakinik baduzu?
Denboraldiak ez du etenik. Proba ugari daude eta ez dago garbi noiz hasten den eta noiz amaitu. Hala ere, orain hasten dela esan dezakegu. Antzuolako 8 Miliak proba izango da nire hurrengo urratsa; eta Euskal Herrikoan, kilometro bertikaletan eta lineakoetan, hau da, Kilimon (Mendaro) eta Txindokiko bertikalean emaitza onenak lortzea izango da helburua. Munduko Kopako zirkuitua ere izango da eta bertan lan onena egitea izango da asmoa.