Asier Ugarte: "Pribilegioa da inguru hauetan bizi izatea"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko aza. 19a, 10:00

Asier Ugarte, martitzenean, bulegoan egindako elkarrizketan. (Argazkia: I.A.A.)

Aretxabaletarra da eta Bartzelonan bizi izan zen, ikasketengatik, eta halako esperientziak bizi behar direla dio; argi zeukan itzuliko zela: Gatzagan ditu bizitokia nahiz lantokia.

Aretxabaletarra da Asier Ugarte, eta, Industria Diseinu ikasketak Donostian eta Bartzelonan egin ondoren, 2001ean sortu zuen gaur egun Leintz Gatzagan kokatzen den Sormen Design.

Nolatan aukeratu zenuen diseinatzaile industriala izatea?

18 urterekin ez nekien ze bide hartu. Diseinu ikasketak egiten hasi nintzen; lehenengo urtea berdina da Diseinu Industrialean, Grafikoan eta Interiorismoan. Orduan ikusi duen gustatzen zitzaidana industriala zela.

Bulegoa Gatzagan duzue. Zergatik?

Arrasaten hasi ginen lanean, Saiolanen bulegoetan, baina bi urterako zen. Epe ertain-luzerako zerbait nahi nuen. Gatzagako alkate Eugenio Otxoari bota nion proposamena, eta Udalak utzi zigun lehenengo lokala, jarduera erakarri nahian baitzebiltzan. 2005ean gaur egungo bulegora etorri ginen eta harrezkero hemen gaude, nahiz eta Arrasaten ere baditugun beste instalazio batzuk ere.

Ze zerbitzu eskaintzen dituzue?

Produktuen diseinua eta garapen zerbitzua. Gure bereizgarria da produktuen diseinuen zerbitzu integrala. Proiektua diseinatu, 3Dn garatu eta prototipo muntaia ere kudeatzen dugu. Une honetan, gure bezeroak Euskal Herriko enpresak dira, baina proiektuak internazionalak izan daitezke.

Nola aldatu da lan egiteko era 21 urte hauetan?

Nire ikasketa garaian, 3D softwareak hasten zebiltzan, eta gu hala hasi ginen; beraz, hasieratik lan egin dugu teknologia hauekin. Komunikazioaren abiaduran egon da aldaketa nabarmena, eta horrek dakar proiektuen kudeaketan abiadura. Gaur egungo proiektuetan daukagun abiadura sinestezina litzateke urte batzuk lehenago. Errealitate birtualarekin ere egiten dugu lan; hori, prototipatze teknologiekin uztartuta.

Zure lanetik zer gustatzen zaizu gehien?

Harreman pertsonala. Bezeroak pertsonak dira eta 21 urteotan jende pila ezagutu dut; lagun bihurtu dira asko.

Hiri handi batean amaitu zenituen ikasketak: Bartzelonan. Gaur egun, Leintz-Gatzagan bizi zara.

Profesionalki eta pertsonalki aberasgarria izan zen Bartzelonako esperientzia, baina argi neukan itzuli egingo nintzela. Hala ere, kanpora joan egin behar da. Ez dugu baloratzen, baina pribilegioa da Debagoieneko paraje hauetan bizi izatea. Altxorra da gure ingurunea.

Aretxabaletako eta Gatzagako leku bana aukeratzekotan, zeintzuk?

Aretxabaletan, Degurixa; Gatzagan, berriz, Tantaidui.

GPSa duten zintzarriak

"Hego Amerikarako den proiektu bat daukagu esku artean. Ganaduarentzat zintzarri elektronikoak ari gara garatzen; abereak non dabiltzan kontrolatzeko da. Baserritarrak eremua mugatzen du GPS bidez. Animalia eremu horretara hurbiltzen bada, zintzarriak soinua egiten du; jarritako muga pasatuz gero, kalanbrea ematen dio. Hortaz, animaliak ikasi egiten du zintzarriak soinua ateratzen duenean ez duela hortik pasa behar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak