'Tristia ni, tristia ni!, datorren urtera arte, ez dau besterik!' abesten bukatu dituzte jaiak

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ira. 16a, 10:13

Leintz Gatzagako jaietan, pilotalekuan egindako herri-afarian batutakoak.

Leintz Gatzagako Andramari jaietarako udaletxeko balkoian ezarritako Nafarroako bandera erraldoia batuz eta abestuz amaitu zituzten festak herritarrek [Ikusi hemen]. Herriaren inplikazioarekin eta bertaratuen erantzunarekin konforme agertu da, gainera, Udala.

Joan den eguaztenean hasi, programazioko orotatiko hitzorduekin disfrutatu eta domekan udaletxeko balkoian kantuan eginez amaitu dituzte Leintz Gatzagako jaiak, Andramaixak. Balorazio ona egin dute udalbatzako kideek, eta, hobetzekoak egon arren, herritarren inplikazioa azpimarratu dute, besteak beste: "Jaiak ondo joan dira, eta egunero izan dugu jendea herrian: bertakoak zein alboko herrietatik etorritakoak. Herritarren inplikazioa oso handia izan da antolatutako ekintza guztietan, eta hori eskertzekoa da", adierazi du Beñat Agirreurretak, Leintz Gatzagako Kultura zinegotziak.

Herri-afaria, nabarmentzekoa Egubakoitz gaueko kontzertuetan jende ugari batu zen arren, eta izan zuten harrera onaz gain, herri afaria izan zela herritarrentzako hitzordu kuttunena esan du Agirreurretak. 60 lagun batu ziren frontoian egindako herri afarian, eta, zenbakiari erreparatu gabe, bertan izan zen giroa nabarmendu du: "Urteetan elkartu gabe, herritarrak batzea eta auzolanean lan egiteko prest daudela ikustea ederra izan da. Egubakoitzean, kontzertuetan batu zen jende gehien Gatzagan, eta ikus-entzuleen zein musikarien jarrera ezin hobea izan zen. Jendea gogoz zegoen, eta gau aparta izan zen. Horrekin batera, egun bererako antolatuta genuen haurrentzako apar-festa egunez aldatu genuen, Gatzagako Gurel guraso elkartekoekin hala adostuta eta apar-festaren arduradunekin hitz eginda. Azkenean, domekarako eguraldi iragarpen hobea zegoenez, azken egunera aldatu genuen".

Guztira, 60 lagun batu ziren joan den zapatuan pilotalekuan egindako afarian

Balkoiko kantua sare sozialetan Gatza City Krew Leintz Gatzagako gazte taldeko zenbait kide udaletxeko balkoira igo ziren domekan, Nafarroako bandera erraldoia kentzeko eta jaiei amaiera emateko. Hala, bide batez, kantuan egiteko aprobetxatu zuten. Horrela amaitu zituzten jaiak, eta abestu zuten unea grabatu eta Instagram sare sozialean partekatu zuten, umorez; datorren urteko jaiak hobeak izango direla esan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak