Eguaztenean hasi zituzten Andramaixak Leintz Gatzagan, eta Dorleta Santutegian egindako meza eta gazta dastaketa izan ziren lehenengo hitzorduak jaietan murgiltzeko. Hala ere, hurrengo eguneko egitaraua beteagoa izan zen; izan ere, meza, otxandioarren urteroko bisita, pilota partiduak eta pintxo-pote musikatua izan zituzten gatzagarrek gozagarri.
Otxandioko bisitariak Leintz Gatzagara oinezko bide zaharretik oinez iritsi ziren. 11:00 aldera iritsi ziren, eta herriko plazan egin zieten harrera gatzagarrek. Horretarako, salda beroa eskaini zieten, pintxoak ere izan zituzten indarrak hartzeko, eta zenbait lagun bertan geratu ziren bazkaltzen.
Autobus zerbitzu berezia
Gaur gauean, punk-rock kontzertuak izango dira, eta, beraz, autobus zerbitzu berezia ezarri dute Oñatitik –21:00etan, 22:30etan eta 00:00etan irtenda–, Arrasatetik –21:15ean, 22:45ean eta 00:15ean irtenda–, Aretxabaletatik –21:25ean, 22:55ean eta 00:25ean irtenda– eta Eskoriatzatik –21:35ean, 23:05ean eta 00:45ean irtenda–, Leintz Gatzagara igotzeko eta baita jaisteko ere. Gatzagatik jaisteko, berriz, 01:00etan, 02:30ean eta 05:00etan izango da aukera.
Oñati | Arrasate | Aretxabaleta | Eskoriatza | Gatzaga |
21:00 | 21:15 | 21:25 | 21:35 | 21:45 |
22:30 | 22:45 | 22:55 | 23:05 | 23:15 |
00:00 | 00:15 | 00:25 | 00:35 | 00:45 |
Gatzaga | Eskoriatza | Aretxabaleta | Arrasate | Oñati |
01:00 | 01:15 | 01:25 | 01:35 | 01:45 |
02:30 | 02:45 | 02:55 | 03:05 | 03:15 |
05:00 | 05:15 | 05:25 | 05:35 | 05:45 |
Errekorraren bila
Gatzagako jaietako egitarau ofizialean ez egon arren, joko dibertigarria prestatu dute Gatza City Krew Gatzagako gazte taldeko kideek, jaietako ordu txikietarako. Iazko jaietan hainbat lagun freskatzera sartu ziren herriko iturri berezira, Bateko Kopa iturrira, eta ur azpitik iturriari bueltak ematen aritu ziren. Kronometratu ere egin zuten, eta 2,68 minutuko denbora hobetzeko erronka bota dute sare sozialen bitartez. Errekorra hobetzen duenarentzat sorpresa bat izango dela adierazi dute, eta baita toallak jarriko dituztela parte hartzaileentzat.