Punk-rock doinuak nagusituko dira Andramaixetan, Gatzagan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko uzt. 29a, 12:53
Rebel Noise taldeak Gatzagan eskainitako emanaldi batean.

Leintz Gatzagako Udala ari da iraileko bigarren asteburuan ospatuko dituzten Andramixetako programa osatzen. Hori horrela, oraindik ez dute jaietako egitaraua jendaurrean zabaldu, baina, irailaren 9an izango dituzten berri eman dute sare sozialen bitartez. Sofokaos, Rebel Noise, Berandu baino lehen eta Neallta Fola taldeak izango dira, 22:30ean hasita, Herriko Plazan.

Sofokaos

Sofokaos talde iruindarrak punk-rock doinuak eroango ditu Gatzagara. Antsoaingo taldeak Eromenarekin dantzan, Erlojuaren orratzak, Gutun berria, Memorian… kantuak eskainiko ditu, gehienak, riff azkarrekin betetakoak, eta ikus-entzuleak dantzan jartzeko modukoak.

Rebel Noise

Aimar Iturricastillo abeslari oñatiarrak, Oihan Azkarate baxu-jotzaile aramaioarrak,  Manex Bakero bateria-jole arrasatearrak, eta Unax Iñarra eta Andoni Agirre gitarra-jotzaile eta korulari arrasatearrek osatzen dute Rebel Noise. Boskotea berriz izango da Gatzagako plazan jarriko duten oholtza gainean, eta talde gaztea den arren, gogor emateko gertu izango dira beste behin.

Berandu baino lehen

Debagoieneko Berandu baino lehen taldeak ere eskainiko du kontzertua. Euskarazko abesti propioak eta bertsioak eskainiko dituzte, distortsio handirik gabeko gitarra-hotsek lagunduta, eta kantuei erritmo azkarra emanda.

Neallta Fola

Gorka Uriarte Kanutillo-k, Karlos Lopez Karlote-k eta Ander Moreno Morenito-k borobilduko dute punk-rock festa, Gatzagan. Zenbait urtez taldea deseginda egon ostean, emanaldi batzuk eskaintzeko batu ziren, eta, orain arte bailaran eman dituzten emanaldietan demostratu duten moduan, seguru ez dutela hutsik egingo eta gustuko saioa izango dela bertaratzen direnentzako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak