Sara Salterain (Montevideo, 1960) uruguaitarra ezaguna da gatzagarren artean. Haren arbasoen jaioterria delako gatzaren herria eta zenbait bider izan delako bertan. Esaterako, 2017an, bere loba Lua Zoinorekin Euskal Herrira etorri zen, eta Gatzagan elkartu zen jatorriz bertako Arrate baserrikoak diren salteraintar familiako bederatzi kide, Korrikan parte hartzeko. Hori horrela, aurten ere bertan izan da, batetik, Gatzagan, gatzagarrekin egoteko eta, bestetik, euskararekiko maitasun izugarria duelako.
Korrikarekin bat
"Aurtengo Korrikako hasiera ekitaldian izan naiz, Amurrion. Hurrengo goizean, Abadiñon egin nuen korrika, eta Korrika Gatzagatik pasatu zenean lekukoa eramateko aukera izan nuen. Bertan korrika egitea ez da erraza, aldapa gogorrak daudelako, eta maldan beherako zatia egitea eskatu nuen, eta hala egin. Gainera, Donostiara ere joango naiz, amaiera ekitaldira".
Euskara ikasten
Bere arbasoak euskaldunak zirenez, oso konprometituta dago Salterain euskararekin. 2015ean, Montevideon, euskaraz ikasten hasi zen, eta ordutik bere maila hobetzen saiatzen ari da. "Montevideoko Euskal Etxean hasi nintzen euskara ikasten, Euskal Herrira etortzean barnetegi batean egon nintzen, Aretxabaletako euskaltegian eta zenbait herritako Berbalagun taldeetan ere bai. A2 euskara maila atera nuen lehenbizi, B1 maila ondoren, baina nire asmoa ez titulu horiek lortzea, helburua euskara ondo jakitea da, eta hitz egitea. Euskara asmo maite dut".