Gatz Museoko bisita gidatu batean Oreka TX musika taldeko Mikel Ugarte txalapartaria izan da, eta, gatzura garraiatzeko erabiltzen duten paternoster sistemaren soinua jarraituz, txalapartarekin saio txiki bat eskaini zuen, jolas erara. Txalapartariari erronka hau jarrita eta bertan sortutako soinuaz harrituta, bideo bat grabatu eta sare sozialetan oihartzuna izan du. Inprobisatutako saioa izan bazen ere, aurrera begira emanaldi bat eskaintzeko prestutasuna ere erakutsi zuen Ugartek. [BIDEOA]
Aitor Larrañaga Gatzagako Gatz Museoko arduradunak adierazi duenez, aspaldi zuen gogoa ura garraiatzeko sistemak egiten duen hotsarekin batera txalaparta jotzeko: "Iturburutik gatzura gatz fabrikara igotzeko sistema paternoster deitzen da. Kate batek laguntzen dio, egurrezko buruekin egindako kate bat dena, eta arrosario forma du. Horregatik paternoster izena. Sistema hau 1843. urtean eraiki zen, eta, Udalak 90eko hamarkadan gatz fabrika museo bihurtu nahi zuenean, sistema horren erreplika bat egiteko eskaera egin zuen. Lan hori Oñatiko Etxezarreta arotzak egin zuen, eta hori da guk gaur egun hemen daukaguna".
Egurrezkoa da
Katea, ura eramateko kanalak, urari buelta emateko gurpila... Oso-osorik egurrezkoa dela azpimarratu du Larrañagak: "Gatz urarekin bustita egon behar du, gatzarekin lan egiteko materialik onena egurra delako. Urak beste materialak herdoildu egiten ditu, eta egurra usteldu, baina, gatzura denean, egurra kontserbatzen du".