Une honetan, 30 sozio inguruk osatzen dute elkartea, eta erabiltzaileek ezin-bestekoa ikusten dute elkartzeko txoko bat izatea.
Beste elkarte batzuk bezala, itxita izan duzue elkartea, baina dagoeneko zabalik da; erabiltzen da?
Legeak agindu duenean itxita izan dugu elkartea, baina osasun ona duela esango nuke. 25 bazkide gaude, kuotadunak garenak, eta gero, kuota erdia ordaintzen duten B bazkideak izenekoak ditugu, horiek lauzpabost lagun dira. Urteen poderioz jaisten joan da bazkidetza kopurua; izan ere, gogoan dut 60 lagun inguru gineneko urtea, baina, maiztasun gutxiagorekin bada ere, erabiltzen dela esango nuke. Astean zehar gutxiago erabiltzen da, baina asteburuetan gehiago. Horrekin batera, gazteak ere batu dira elkartera, eta hori ezinbestekoa da.
Ezinbestekoa da Gatzagan elkartzeko txoko bat izatea?
Duda barik. Erretiratuen elkarteak duen izen bera du elkarte gastronomikoak. Horiek ez dute kuotarik ordaintzen, eta besteok, bazkideok, hilero 18 euro ordaintzen ditugu. Hori horrela, lagun artean edo familian elkartzeko txoko bat izatea ederra da. 60ko hamarkadan, Gatzagako apaiza, Ramon Uribetxeberria eskoriatzarra, izan zen elkartea sortzearen bultzatzailea; gero, 1985ean, Udalak erosi zuen, eta gaur arte.