60 urte Vasco-Navarro trenaren istripu lazgarria gertatu zenetik

Imanol Beloki Unamuno 2021ko aza. 20a, 08:29

Istripua izan zuen trenaren bagoietako bat maldan. Argazkia: Sancho el sabio fundazioa

1961ean Vasco-Navarro trenak Leintz gatzagan izan zuen istripuan hiru hildako eta sei zauritu izan ziren; hildakoak treneko ikuskatzailea eta Eibarrera bataio batera zihoazen aita eta semea izan ziren. Herritarrek gogoan dute oraindik ezbeharra.

Egun tristea bizi izan zuten Gatzagan 1961eko azaroaren 12an, eta herritar askok gogoan dute ezbeharra gertatu zen eguna eta ondorengo egunetan egin beharreko lanak. Domeka hartan, 06:15ean, Gasteizetik irten zen Vasco-Navarro trena, eta Bergarako Mekolaldeko geltokiko linea egiten ari zen; Gatzagan, gaur egun Gure Ametsa jatetxea dena pasa eta Venta Fria atzetik metro gutxira, Eskoriatzarantz jaisten hasi zela, orduan gertatu zen ezbeharra.

"Euriteen ondorioz, lurra trenbidera erori zen, eta horrek eragin zuen istripua"

Euriteak egun haietan

Bihurgune ugari zeuden tramu hartan, eta horietako baten irteeran, trenbidea estaltzen zuen lur-jausi baten aurka talka egin zuen trenak. 2002an Ahotsak.eus Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea batzen dituen proiektuko kideek egindako elkarrizketetan jasotako soinu-artxiboetan Victoriano Zubillaga eta Martzelina Plazaola gatzagarrek kontatu zutenez, "eguraldi txarra izan zen egun haietan, eta euriteengatik lurrak ikara egin, eta lur-multzoa erori zen trenbidera. Horregatik gertatu zen istripua". Bagoi bat maldan behera erori zen, trenbidetik 200 metro inguru; bigarren bagoia ere askatu zen, baina trenbidetik hamabost metro ingurura geratu zen, eta hirugarren bagoi bat ere askatu zen, baina trenbidearen gainean inklinatuta geratu zen.

Istripuaren kokapena

Herritarrek gogoan dute trenak izandako ezbeharraren eguna. Ikusmin handia sortu zuen istripuak berak, baina baita hurrengo egunetan bagoiak ateratzeko egin behar izan zituzten lanek ere, dio Juanito Bengoa herritarrak: "9 urte nituen nik, eta istripua gertatu zen lekuan ez nintzen egon, baina gogoan ditut gertatu zena eta orduan kontatu zizkidatenak. Asier Ugarte herritarra bizi den baserritik 100 metro Arlaban aldera egin eta gero gora berrogeita hamar metro inguru egiten badituzu, istripua dagoen lekura iritsiko zara. Gaur egun, eremua aldatuta dago, baina bertaraino autoz joateko moduan dago bidea; Beginarrutik sartu zaitezke trenbidera, edo Gure Ametsatik bidegorriarekin bat egiten duen lekutik".

Bagoia maldan, eta Dorleta Santutegia urrunera.

Bagoia ateratzeko lanak

Trenaren bi bagoi zuzendu eta trenbidera igo zituztela eta maldan behera eroritakoa behera jaitsi behar izan zutela dio Bengoak: "Dorletako errota deitzen dioten bihurgunera jaitsi zuten maldan behera erori zen bagoia. Gomazko gurpil batzuk jarri zizkioten eta traktore txiki baten laguntzarekin harilkatuta Marulandaraino jaitsi zuten. Bide horretan, udaletxe aurretik plazatik pasa zuten, eta Marulanda aldera eramateko unean, aldapa jaisteko, traktorea arrastatu egiten zuen bagoiaren pisuak, eta, atzetik dos caballos auto bat lotuta, frenatzen jaitsi zuten, orain gogoan ez dudan zinta edo kable batez. Ikuskizun izugarria izan zen; izan ere, traktoreak urte haietan ez ziren ohikoak, eta ekarri zutena guk ezagutzen ditugun Pasqualiak baino pixka bat handiagoa izango zen, baina ez askoz handiagoa".

Kableekin bagoia mugitzen, traktorearen laguntzarekin.

Bagoia trenbidera igo eta zuzendu zuten unea.

Hiru hildako eta sei zauritu

Trenaren gidariak, trenbideko langile batek eta sei bidaiarik betetzen zuten lehen bagoiak sufritu zuen kolpe latzena. Izan ere, hiru hildako izan ziren. Istripuaren unean bi bidaiarik salto egin zuten trenetik euren bizitza salbatzeko asmoz, baina, zoritxarrez, hil egin ziren, istripuan bizirik irten ziren bidaiarien esanetan; aita-semeak ziren, Fidel Gomez San Miguel 23 urteko gaztea eta aita, Fidel Gomez Antolin, mekanikaria. Istripuan hildako hirugarren pertsona, berriz, Jose Antonio Lopez izan zen.

Ospitaleratutako gainerako zaurituak, berriz, hauek izan ziren: Pablo Camacho, Gasteiz-ko trenbide-langilea; Antonio Vergara, Maria Blanca Duranako bizilaguna; Tomasa Zabaleta, Bergarako bizilaguna; eta Purificacion Fernandez. Zauri arinagoak izan zituzten bidaiariak, berriz, Gatzagan artatu zituzten Arrasatetik joandako medikuek. Istripua gertatu eta sei urtera, 1967ko abenduaren 31n, Vasco-Navarro trenak bere azken bidaia egin zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak