Komunitatea ehuntzeko urratsak, Gatzagatik bailarara bidean

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 16a, 11:28

Domekako San Milixan azokaren baitan, postu berezi bat jarri zuen Goiena Komunikazio Taldeak Leintz Gatzagan. Bailarako komunitatea ehuntzeko urratsak ematea du helburu Goienakide kanpainak, eta informazioa emateaz gain, saski baten zozketan ere hartu zuten parte azokara hurbildu ziren debagoiendarrek. Datozen asteetan bailarako beste herrietara eramango da postua.

Giro heze eta hotzak ez zituen gatzagarrak kikildu, eta ohiko legez, azaroko bigarren domekan San Milixan azoka egin zen herriko kaleetan. 20 bat artisau postu jarri ziren frontoian eta plazan; horien artean, Goiena Komunikazio Taldeak jarritakoa. Goienakide kanpaina herritarrei azaltzea eta komunitatea ehuntzen jarraitzea helburu, informazio postua izan zen domekakoa.

Euskara, komunitatea eta komunikazioa bide orri dituen hedabidearen nondik norakoak ezagutzea ez zen izan, baina, herritarrek izan zuten zeregin bakarra. Izan ere, Errigorako saski baten zozketan parte hartzeko aukera ere izan zuten. Goizean goizetik, ia 70 lagunek eman zuten izena, eta eguerdian egindako zozketan, Olatz Ezpeleta aretxabaletarrak eraman zuen saria etxera.

Bailarara bidean

Aurkezpen ekitaldiaren eta Goienakideentzat egindako lehen kontzertuaren ostean, Goienakideri lotutako hirugarren ekintza izan zen domekakoa. Arrasate, Oñati eta Leintz Gatzagan izan da kanpaina dagoeneko, eta aurki helduko da bailarako gainontzeko herrietara, bai ekitaldi bereziak antolatuz, eta baita kaleko presentzia bidez ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak