Leintz Gatzagako pilotalekuko atzeko paretan, errepide aldera ematen duen zatian, mural berria egiten ari dira egunotan. AP-1etik edo Arlabango mendatetik herria zeharkatzen dutenek ez dute margolana ikusteko zorterik izango, baina Gatzagako errepide zaharra erabiltzen dutenek eta, batez ere, Eskoriatzatik Gatzagara goranzko bidea egiten dutenek pare-parean herri sarreran dagoen lehenengo semaforotik ikusi ahal izango dute margolana.
Herritarrekin partekatuta
Pandemia aurretik egitea erabakitako lana izan arren, orain jarri berri dute martxan mura-la, eta aurrekontua 6.000 euro ingurukoa izan dela jakinarazi dute Gatzagako udal ordezkariek. "Aspalditik genuen pilotalekuko paretan mural berria egiteko ideia buruan, eta duela urte eta erdi adostu genuen Madrilgo grafitigileekin bertan zer egin, zein elementu agertu, zer nabarmendu... Eta, behin lehenengo zirriborroa jaso genuenean eta gure gustukoa izan zela kontuan hartuta, beraien diseinua herritarren artean zabaldu genuen, ekarpenak eta ideia berriak jasotzeko asmoz. Hala, zenbait aldaketa egin zituzten artistek, eta diseinu definitiboarekin martxan jarri ziren joan den zapatuan", adierazi du Beñat Agirreurretak, Leintz Gatzagako Udaleko Kultura zinegotziak. Hain zuzen, David Rodriguez eta Carlos Buitrago Madrilgo grafitigileak ari dira egiten, Grafitimadrid taldekoak, eta urriaren 23an paretan lanean hasita, gaur, egubakoitza, amaituta izatea aurreikusten dute.
'Bateko kopako iturria', arkua, txirrindularia eta abar batzen ditu muralak
Elementu esanguratsuak
Historikoki gatz ekoizpenera, burdinoletara eta ikatza egitearen jardueretara lotuta egon da Leintz Gatzaga. Herriaren ondarea, historia, kultura eta tradizioak errespetatzeko eta indartzeko ahaleginetan aritu dira gaur arte, eta, segitzen dutenez, hori islatu nahi izan dute herri sarrerako margolanean. Izan ere, herria ordezkatzen duten hainbat elementu agertzen dira marrazkian: herria bera, baserritarrak, hiru mendeko historia duen eta hamabi hodi dituen iturria; Bateko kopako iturria izenez ezagutzen dena, Gatz Museoko gurpila, herriko arkua, Dorletako Ama txirrindularien zaindariari erreferentzia egiten dion txirrindularia... "Gatza, txirrindularitza eta iturria agertu behar zirela argi genuen. Horrekin batera, baserritar mundua ordezkatzen duten baserritarrak agertzea ere nahi genuen. Gatzaga, gatzari lotuta dagoen herria izan bada ere, baserriari eta nekazaritzari bere osotasunean lotua egon den herria ere izan dela eta badela argi geratzeko".
Gustuko lana, gustuz eginda
Artistak gustura ari dira lana egiten, eta herrian oso ondo hartu dituztela azpimarratu dute: "Muralean agertzeko ele-mentuak zeintzuk izango ziren esan ziguten eta guk diseinua egin genuen, horiek ardatz. Gatzagako udal ordezkariek gustuko izan zuten prestatu geniena, eta martxan jarri ginen. Lan egiteko dugun zailtasun handiena altuera da, baina ohi-tuta gaude, hau da gure ofizioa. Bestalde, eguraldia ere lagun izan dugu, eta Aterben hartu dugu ostatu. Etxean moduan sentiarazi gaituzte. Hori horrela, oso gustura gaude gure bisitarekin eta egiten ari garen lanarekin. Murala egiteko, bestalde, pintura plastikoa eta espraiak ari gara erabiltzen. Kolore berdea asko erabiliko dugu, ingurunera ondo txertatu dadin", adierazi du David Rodriguez grafitigileak.