Maiatzean bertso-saio musikatua egin ostean, eta izandako harrera ikusita, bertso-jaialdia antolatzea erabaki dute Leintz Gatzagan. Maide Garmendia, Aitor Bizkarra, Jon Gurrutxaga, Urko Arregi, Garazi Navarro eta Aitor Tatiegi bertsolariak batuko dira zapatu honetan Gatzagako pilotalekuan bertso-saioa eskaintzeko. Gai-jartzaile lanetan Beñat Ormaetxea arituko da, eta, antolaketa lanetan ere bera arituta, bertso-jaialdi gaztea ikusteko aukera ederra izango dela adierazi du: "Gatzagan bertso-saioa egiteko aukera suertatu zen. Ez dira punta-puntako bertsolariak izango oholtza gainera igoko direnak, oraindik gazteak dira, baina maila handikoak, txapelketetan muturra sartzen ari direnak eta gogo biziz daudenak. Hala, belaunaldi berriei plaza utzi eta aukera bat emateko asmoz antolatu dugu bertso-saioa".
Ohiko formatua baino luzeagoa
Bi ordutik gertuago egongo da zapatuko saioa ordu eta erditik baino. Hala ere, saioa dinamikoa izango dela adierazi du Ormaetxeak: "Ofizioka gai batzuk izango dira, tartean bertso-jokoren bat sartuko dugu, gai serioak ere izango dira, bakarkakoren bat ere sartuko dugu… Hala, bertsozaleak erakartzen saiatuko gara ezarritako gaiekin". Oñatiko bi bertsolari arituko dira oholtza gainean, Aitor Tatiegi eta Urko Arregi, Azpeitiko Jon Gurrutxaga, Zaldibiako Maide Garmendia, Amorotoko Garazi Navarro eta Abadiñoko Aitor Bizkarra. Hala, barietatea nagusi izango da oholtza gainean. Kontuan hartu behar da abesteko gogoz daudela bertsolariak; aurten ez dute saioak eskaintzeko aukerarik izan, eta hitzordu polita izango dugu".
Doako saioa
Herrian antolatutako bertso-saioek harrera ona izaten dute, orokorrean, eta, oraingo hitzorduak ere halako harrera izango duela aurreikusten dute antolatzaileek. "Gatzagan badago bertsoekiko zaletasuna, eta, herri txikia bada ere, bertsozaleak gerturatzea nahiko genuke. Saioa doakoa izanda, gainera, uste dugu animatuko dela jendea, ez dira damutuko".