Askotariko jarduerekin, Gatz Eguna ospatu dute gatzagarrek

Jone Olabarria 2021ko urr. 17a, 15:53

Produktu ekologikoen azokaz gain, xaboiak gatzarekin egiteko tailerrak eta egurrezko jolas herrikoiek ikusmina eragin dute herritarren artean. Antolakuntzatik "pozik" agertu dira gaurko egunak emandakoarekin.

"Egoerari egokitutako egitaraua" antolatu nahi izan dutela azaldu du Beñat Agirreurreta kultura zinegotziak. Museo inguruan, gatza ardatz duten ekintzak antolatu dituztela azaldu du, eta aldiz herrigunean azokak, tailerrek eta jolasek hartu du protagonismo handiena. Egun emandakoaz galdetuta, "balorazio positiboa egin du: "Jende dezente gerturatu da, itxura polita hartu du egunak eta hortaz, gure partetik oso pozik, normalitate puntu hori berreskuratzea gustura hartzen da".

Azoka, ohiko martxan berreskuratuz

Guztira, 18 postu inguru izango dira ikusgai, eta, produktuak erosteaz batera, edozein informazio jaso gura duenarentzat prest egongo dira ekoizleak. Pasta, arropa, barazkiak, askotariko gaztak, landareak, gatza, frutak, zukua, baratxuriak eta lekaleak, marmeladak, arrain kontserbak eta eztia izan dira, besteak beste, azokan.

Ekoizleak "pozik" agertu dira azokak ohiko martxa berreskuratzen ari direla ikusita: "Pandemia dela eta gutxi izan ditugu, eta apurka bagoaz ohiko erritmoa hartzen. Beti baserriko produktuek eta naturalek harrera oso ona izaten dute, badakite kalitatea bermatuta dagoela, eta Gatzaga ere hala ari da izaten".  Arabatik etorritako Xabi Alonso marmelada ekoizleak  azaldu duenez, herri txikietan izanda ere "harrera oso ona" izaten dute azokek: "Honelako herri txikietan azokak beti du arrakasta".

Bailarako ekoizleen artean ere, Pikunieta baserriko Josebe Blancok azaldu du pozgarria dela berriz ere azoka bezalako topalekuetan batzea: "Guretzat oso berezia da Gatzagako azoka, herritik sortutako azoka delako. Urtero etorri izan gara eta pandemia ostean berriz bertakoekin elkartzea oso pozgarria da".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak