Herriko produktu preziatuaren baitan, eskaintza zabala izango da Gatz Egunean

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urr. 14a, 11:31

Domeka honetan ospatuko da Gatz Eguna Leintz Gatzagan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egin zen joan den astean aurkezpen agerraldia, eta, besteak beste, ibilbide gidatuez, azoka ekologikoaz, tailerrez eta jolas herrikoiez gozatu ahalko dute bertaratzen direnek.

Biolur Elkarteak antolatutako Debagoieneko eta inguruko herrietako produktu ekologikoen azoka frontoian egingo da. Guztira, 18 postu inguru izango dira ikusgai, eta, produktuak erosteaz batera, edozein informazio jaso gura duenarentzat prest egongo dira ekoizleak argibideak emateko, eta horiekin batera Ekolur ingurumen aholkularitzakoak ere izango dira. Pasta, arropa, barazkiak, askotariko gaztak, landareak, gatza, frutak, zukua, baratxuriak eta lekaleak, marmeladak, arrain kontserbak eta eztia izango dira besteak beste azokan.

Gainera, informazio gunea ere ipiniko du Biolur Elkarteak. Horrekin batera, xaboiak gatzarekin egiteko tailerra eta egurrezko jolas herrikoiak ere egingo dira. Sorginak Emakume Elkartekoek, bestalde, erakustaldia egingo dute, lixiba nola egin, antzina egiten zen modu berean, eta Gureleko kideak hanburgesak egiten arituko dira.

Egitarauan agertu ez arren, Ortutik Ahora elkarteak sukaldaritza tailerra eta dastaketa herrikoia egingo du, eta bertan, azokako produktu ekologikoak erabiliz landuko dituzte jakiak.

Gatz Eguna 2021 kartela.

Hiru bisita gidatu interesgarri

Goizeko hamarretatik aurrera, hiru bisita gidatu antolatu dituzte, paisaiaren biodibertsitatea, pagadiak eta Basoko bainuak ezagutzeko asmoz. Azken honi dagokionez, Ongizate eta Hazkunde Pertsonaleko Turismoa hazi egin denez azken urteotan, eta natura, ongizatearen esparruarekin lotuta, eskaera eta interes handiko segmentua denez basoko bainuak bisita egitearen aldeko apustua egin dute.

Basoko bainuen onurak

Azken hauek Japonian praktikatzen hasi ziren, non Shinrin-Yoku izena hartzen duten. Herrialde honetan bakarrik, lau milioi erabiltzaile inguru dituzte urtero. Bere praktika hasi zenetik, Japoniako gobernuak milioika dolar bideratu ditu bere ondorio osasungarriak aztertzeko. Gaur egun, ikasketa ugari daude eskuragarri, ez bakarrik Japonian, baita AEBtako eta Europako unibertsitate eta ospitaleetan ere. Ebidentzia zientifikoa da, ikerketa horiek guztiak ondorio berberetara iristen baitira: basoan hogei minututik bi ordura igarotzea, estresa eta antsietatea ehuneko berrogeita hamar baino gehiago gutxitzea, eta odoleko azukrea eta bihotz-erritmoa egonkortzea.

Horrez gain, Gatzaren Museoak bisita gidatuen maiztasuna handitu egingo du, bai euskarazko bisitarientzat, eta baita gaztelania hobesten duten herritarrentzat ere.

Gatz Egunerako antolatutako hiru bisitak Gatz museo inguruan izango dira.

Aldez-aurretik izen-emateak

Ibilbide gidatuetan, Basoko bainuak-en eta xaboiak egiteko tailerrean parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, infoturismo@debagoiena.eus helbidera idatziz, edo 943 79 64 63 zein 943 71 89 11 zenbakira deituz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak