Leintz Gatzagaren "altxor kultural, natural eta historikoan" azpimarra jarriz, gaur aurkeztu dute Donostiako Foru Aldundiaren Egoitzan Gatz Egunaren laugarren edizioa. Iker Goiria Gipuzkoako Turismo zuzendaria, Beñat Agirreurreta Leintz Gatzagako zinegotzia eta Aitor Larrañaga Gatz Museoko zuzendariak agertu dira hedabideen aurrera.
2020an pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, urriaren 17an, igandea, itzuliko da ospakizuna Gatzagako kaleetara.
Gustu guztientzako egitaraua
Gatz Egunak ez du zapore bakarra izango, eta adin zein gustu guztietako herritarrek izango dute egitarauan non aukeratu. Goizeko 10:00tik aurrera, hiru bisita gidatu antolatu dituzte, paisaiaren biodibertsitatea, pagadiak eta 'Basoko bainuak' ezagutu asmoz. Horrez gain, Gatzaren Museoak bisita gidatuen maiztasuna handituko du, bai euskarazko bisitarientzat, eta baita gaztelania hobesten duten herritarrentzat ere.
Eta informazioa bildu ostean, izango da zentzumenak martxan jartzeko aukera ere. Debagoieneko eta inguruko herrietako produktu ekologikoen azoka, 'Ortutik Ahora' elkarteak antolatutako tailerra eta dastaketa herrikoia, xaboiak gatzarekin egiteko tailerra, edota egurrezko jolas herrikoiak egingo dira, besteak beste. Ibiblibide gidatuetan, basoko bainuan eta xaboiak egiteko tailerrean parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea infoturismo@debagoiena.eus helbidera idatziz, edo 943 79 64 63 zein 943 71 89 11 zenbakira deituz.
Egitarau osoa Leintz Gatzagako Udalaren webgunean dago eskuragai.