Gehienez hamar laguneko bisitak egiten ari dira, eta uztailean harrera ona izaten ari direla adierazi du Aitor Larrañaga Gatzagako Gatz Museoko arduradunak: "Momentuz, harrera ona izaten ari gara, eta hala segitzea espero dugu. Azpimarratu beharra dago bisitak egiteko aldez aurretik hartu behar dela hitzordua".
Bisita mamitsuak
Turismo Bulegotik bideratutako Gatz Museoko ohiko bisitetan, gatzaren historia kontatzen da: erromatarren garaitik 70eko hamarkadara arte gatza egiteko moduak. Horrekin batera, Leintz Gatzagan gaur egun nola egiten duten gatza azaltzen da; aurreko garaietako zenbait teknika erabiltzen dira.
Gatzura gatz-dorletan berotzen dute, su txikian, bertako basoetako egurrarekin egindako suarekin, poliki-poliki. Ur-azalean sortzen diren gatz-kristalak jasotzen dituzte bertan, ontziratu eta mahaian txukun aurkeztu. Gatz ekoizpenaren prozesuaren zenbait atal ikusi ahal izango dute bisita gidatura joaten direnek, eta, bisita amaitzeko, Gatzagako museoan dituzten produktuak erakusten zaizkie bisitariei, eta nahi duenak horiek erosteko aukera du.