Eusko Label ziurtagiria jaso du Leintz Gatzagako gatzak

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 10a, 14:43
Gatzagako Aitor Larrañaga, Bittor Oroz sailburuordea eta Añanako Gatz Haraneko ordezkari Pablo de Oraa.

Euskal Gatza aurkeztu dute gaur, Eusko Label duen Euskadiko kalitate handiko gatza. Modu jasangarrian eta artisautzan sailkatuta eta ontziratuta dagoen gatza dela azaldu dute, eta Gesaltza Añanako Haraneko eta Leintz Gatzagako ur gaziko iturburuetan ekoiztutakoa daude izendapen horren baitan.

Gesaltza Añanan egin duten ekitaldian honako hauek hartu dute parte: Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Peli Manterola, HAZIko zuzendaria; Pablo de Oraa, Añanako Gatz Haraneko gerentea; eta Leintz Gatzagako Udaleko ordezkari Beñat Agirreurreta kultura zinegotzia eta Aitor Larrañaga Gatz museoko arduraduna.

2020an, bi gatz-enpresek 150 tona iturburuko gatz eta 20 tona gatz-lore ekoiztu zituztela jakinarazi dute eta ekoizpen hori etorkizunean handitu egin daitekeela gaineratu, merkatu-eskariaren arabera.

Euskal Gatzaren ezaugarriak

Tratamendu fisiko edo kimikorik gabeko gatza da, eta ez du gehigarririk eta trinkotzearen kontrako produkturik ere. Kolore zuri garbikoa da, apur bat hezea, testura leun eta disoluzio errazekoa, ahoko zaporearen iraunkortasun ertaina duena. Prozesu katean kalitate baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatzeko beharrezko diren kontrol sistemak ezarriko ditu HAZIren ziurtapen organoak.

Horrez gain, ingurunearekin iraunkorra den kalitate handiko ekoizpen sistema baten bidez lortzen da. Gainera, bi gatzagetan, mendeetan zehar garatu duten elaborazio modu tradizionalari eusten diote; Leintz Gatzagaren kasuan, bertako basoetako egurrekin egindako sua erabiltzen dute. Horrela, kalitate handiko produktu osasungarri eta jasangarria lortzeaz gain, paisaiaren, landa ingurunearen eta tradizioen kontserbazioa eusten diotela adierazi dute. Energia berriztagarriak erabiliz lurruntzen da gatzuna, eta gero, eskuz biltzen eta ontziratzen dute.

Gatzari balioa ematen jarraituz

Gatzagan lantzen ari diren proiektuaren helburua gatz kultura leku guztietara zabaltzea da, eta bide horretan pausu bat gehiago eman dute. "Kalitate zigilu bat eman digute, eta hemendik aurrera Labelarekin salduko dugu bertan ekoiztutako produktua", adierazi du Aitor Larrañagak. "Orain arte,  Osasun Sailak emandako berme guztiarekin ari ginen gatza saltzen, eta hemendik aurrera, Gatzagako gatzari balio bat eman nahi diogu. Asmoa da, Gatzagan dugun gatz kultura hori leku guztietara zabaltzea".

Gatzagako gatz museoko produktu sorta.

Hiru lan-lerro jarraituz

Gatz kulturari zabalkundea emateko bidean, orain arte, hiru lan egiten dituztela adierazi du Larrañagak, eta lan horretan jarraitzen dutela gaineratu: "Turismo bulegoko lanak, batetik. Bisita gidatuak egiten ditugu Gatz museoan, hiruerreketan, herrian… hori da lan bat. Beste bat da, gatz-gunea birgaitzen jarraitzea. Orain dela 30 urte gatz-gune hau guztiz abandonatuta zegoen, eta urte guzti hauetan egindako lanaren ondoren birgaitu dugu, baina, lan horretan ari gara. Azken urtetan egin ditugun birgaitze lan garrantzitsuak gatza ekoizteko gune bat sortu dugula museoan bertan, eta, gatza saltzeko eta bisitariei harrera egiteko Santa Columbako lanak egin ditugula. Hala ere, lan horretan jarraitu behar dugu. Hirugarren hanka, berriz, gatza ekoiztu, saldu eta merkaturatzea izan da. Duela zazpi urte hasi ginen modu xumean, inguruan oparitzen…, eta harrera ona izan zuen. Gatzaren analisi bat egin genuen, eta mineral pila zituela ikusi genuen. Hala, prezio bat ezarri genuen, eta merkaturatzen hasi. Orain, pausu bat gehiago eman diogu gatzari balorea ematerako bidean".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak