Herriko eskaintza guztia zentralizatuta, plataforma berria abian

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 8a, 19:45

Gatzagako hainbat turismo agente, Santa Columba ermita barruan.

Kanpo eta barne turismoa sustatzeko helburuarekin, Gatzagan dauden eskaintza eta zerbitzu guztiak bateratu dituzte, diseinatu berri duten Gatzagaturismo.com webgunean. Informazio guztia dago, Udalaren jabetzako zerbitzuena zein pribatuena.

Herriko turismoa sustatzeko eta herrian dituzten zerbitzu eta eskaintza guztien berri emateko helburuarekin, Leintz Gatzagako Gatzagaturismo.com webgunea sortu berri du Udalak, Araiako Tarteka Mediaren laguntzarekin.

Aurreko agintaldian martxan jarri zuten ideia, eta dagoeneko gauzatu dute, nahiz eta etorkizunean atal gehiagorekin osatu gura duten webgunea. Plataforman herriari buruzko informazio interesgarri guztia bildu dute, bisitariek erraz kontsultatu dezaten, eta herrian dauden turismo eskaintza eta zerbitzu guztiak zentralizatzeko asmoz. Kanpo eta barne turismoa indartu gura dute, eta abiarazi berri duten sistemarekin emaitza onak izatea aurreikusten dute Gatzagako udal ordezkariek.

Iritzi positiboak:

LIBE RAMILA, GATZ MUSEOA

"Itxaroten geunden, eta dagoeneko martxan egonda oso pozik gaude. Online ez bazaude, ematen du zure zerbitzua hankamotz geratzen dela. Hala, webgune eguneratua izateak abantaila ugari eskaintzen ditu; ea jendea hasten den bertatik erreserbak egiten…".

INAZIO GABILONDO, LABIDEA ETA GATZEBIKE

"Herritar guztion artean egindako plataforma da, eta, herri txikia izanda, presentzia izateko ezinbestekoa. Herria ezagutzera etorri aurretik kontsulta egiteko atari aparta da, bizirik dagoena, digitalizatua, eta, beraz, gaur egunera behar bezala egokitutakoa".

KEPA ATUTXA, LEINTZ ZUHAITZ ETXEAK

"Gure webgunea dugu, eta hori da bezeroek lur hartzeko duten gunea. Bertatik gestionatzen dira erreserbak, baina Gatzagako Udaletik beste bide bat izatea guregana sarbidea duena onuragarria dela esango nuke, eta baita derrigorrezkoa ere".

Informazio guztia eskura

"Turista batek eskatu dezakeen informazio guztia jasotzen du Gatzagaturismo.com webguneak. Lehenik eta behin, herriari, historiari, zenbaki interesgarriei eta lo egiteko ostatuei buruzko informazioa eskaintzen du. Aurrerago ere gustatuko litzaiguke aisialdirako aukerak ezartzea; esaterako, mendi ibilaldiak eta halako atal berriak sortzea", adierazi du Beñat Agirreurretak, Gatzagako Kultura zinegotziak.

BARNE ETA KANPO TURISMOA HANDITZEKO APUSTUA EGIN DU LEINTZ GATZAGAKO UDALAK

Negozio pribatuak eta Udalaren eskumenekoak direnak daude Leintz Gatzagan. Eta, batez ere, Udalaren jabetzakoak direnak indartzeko abiarazi dute egitasmoa, beste zerbitzuak baztertu gabe eta informazio osoa emanez. "Santa Columba ermitan Gatz Museoko informazio-gune berria dugu, eta bisitariak gerturatu gura ditugu hara. Hala, bisitarien kopurua handitu dadin. Gainera, herriko edozein informazio eskuratu ahal izango dute bertara doazenek, Gatz Museoak eskaintzen duen guztiaz batera. Labidea ere puntu erreferente bat da herritarrontzat eta kanpotik datozen bisitarientzat. Gainera, hantxe dago bizikleta elektrikoak alokatzeko Gatzebike zerbitzua, eta horiek ere indartu nahi genituzke".

Leintz Gatzagako Udalak martxan jarri berri duen Gatzagaturismo.com webgunea.

BISITAK JASOTZEKO EDO LO EGITEKO ERRESERBAK PLATAFORMATIK EGIN DAITEZKE

Erreserba guztiak, bertatik

Gatzagako ia zerbitzu edo eskaintza guztiek euren plataforma propioa izan arren, batez ere erreserbak egiteko bidea erraztu gura izan diete horietara joan nahi duten bisitariei. Martxan jarri berri duten arren, dagoeneko izan dituztela erreserbak bide honetatik adierazi du Beñat Agirreurretak.

Turismo bulegoarekin zuzenean kontaktatzeko bidea eskaintzeaz batera, herrian egin daitezkeen ekintzen gaineko informazioa eskaini nahi izan dute bertan. Batetik, non jan daitekeen –Gure Ametsa, Arrate eta Marulanda–; bestetik, non egin daitekeen lo –Gorosarri, Aterbe eta Leintz zuhaitz etxeak–, eta beste aukera batzuk –Labidea eta Jakion–. "Plataformarekin erraztasun guztiak eman nahi ditugu, eta baita gertutasuna adierazi. Hala, webgunean, esaterako, Gatz Museoan bisita baterako erreserbatu dezakezu, lo egiteko lekua hartu Leintz zuhaitz etxeetan, eta orrialde beretik bazkaltzeko lekua bilatu Arraten edo Gure Ametsan, esaterako. Internetetik egin daitekeenaz gain, gehiago jakiteko, Santa Columban dagoen Gatz Museoko informazio-gune berrira joan daiteke interesa duena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak