Elduain jaio eta Kolonbian hil zen apaizak zein zerikusi dauka koba horrekin? Askok Santa Kruz apaizaren kobazuloa edo Apaiz gerrillariaren kobazuloa izenez ezagutzen dute. Bada, Santa Kruzek hiru egun egin zituen kobazulo hartan, 1873an, armadarengandik ihesi.
Carlos VII.aren armadako kide
Manuel Ignazio Santa Kruz Loidik Gasteizko Apaiztegian ikasi zuen eta han apaiztu zen. Era berean, militar ezaguna zen. III. Karlistaldian, Carlos VII.aren armadan izena eman zuen, eta, segituan, gerrillari talde bateko buru izendatu zuen. Etsaiekin erabiltzen zuen krudelkeriarengatik oso ezagun egin zen. Gupidagabe jokatzen zuen haiekin eta haien senitartekoekin.
Hernialdeko parrokoa zen 1868ko iraultzak Espainiako Elisabet bota zuenean. 1870eko urrian atxilotu zuten, karlismoaren aldeko propaganda aktiboa egiteagatik, baina, egun batzuk geroago, Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. 1872ko apirilean, III. Karlistaldia hasi zenean, muga pasatu eta talde armatu txiki bateko buru egin zen. Urte bereko maiatzaren 24an, Francisco Serrano jeneral liberalak eta Bizkaiko Foru Aldundiko kide Juan Orue eta Fausto Urkizu karlistek gerra amaitzeko hitzarmena sinatu zuten. Santa Kruzek ez zuen ituna onartu, eta, abuztuan, Aramaion atxilotu zuten. Gerrillarien buru izan zenean erakutsitako bihozgabetasuna bere kontrako bilakatu zen, eta bi bandoek, liberalek eta karlistek, hiltzera zigortu zuten. Aramaioko udaletxean egon zen atxilotuta hainbat egunetan.
Gantzagako bizilagunekin
Fernando Primo de Riverak zuzendu behar zuen apaiz gerrillariaren exekuzioa, baina, hil behar zuten egunaren bezperako gauean, ihes egin zuen, leihotik ibaira salto eginda. Izarak erabili zituen ihesaldirako. Gantzaga auzoko baserritarrei eskatu zien laguntza. “Aurretik egindako maltzurkeriak ez zituzten ezagutzen hango bizilagunek, eta, apaiza zenez, Ipizteko mendian zegoen Nardin Kobara eraman zuten”, diote dokumentuek. Hiru egun eman zituen han, eta, haren ostean, Ipar Euskal Herrian topatu zuen babesa, bigarrengoz.
Abenduan berriro pasatu zuen muga eta bere taldearekin ibili zen borrokan. Istiluak izan zituen karlismoaren buruzagi militarrekin, eta borroka uztea erabaki zuen 1873ko uztailean. Frantziara alde egin zuen. Berriro itzuli zen Gipuzkoara, baina denbora laburrerako. Azkenean, Nantesera, Lillera eta Londresera erbesteratu zen Santa Kruz. Jesusen Konpainian sartu eta misiolari lanak egin zituen Jamaikan eta Kolonbian. Han hil zen, 84 urterekin