Pago artean historia ikasiz: Albertiako mendi ibilaldia

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 28a, 18:48

Albertia.

Albertia gure inguruetan ez da oso mendi ezaguna; historiaz betetako mendia. Han, gerra zibileko pasarte gogorrenetako bat gertatu zen, Legutioko bataila, non 15.000 gudari inguru saiatu ziren Gasteiz bereganatzen. Bidean oroigarri batzuk ikusiko ditugu, eta tontorrean ere bai. Horretaz aparte, basoa dugu ibilbide honen protagonista nagusia.

Leintz Gatzagan ere hasi dezakegu mendi ibilaldi hau, baina gaur, Landan hasiko dugu. Etxe Zuri taberna paretik abiatuta, Gasteizko errepidea jarraituko dugu. 100 metro egin ondoren, eskumatara dagoen monumentu aldera joango gara. Monumentuaren atzetik trenbideko bidegorrira helduko gara, eta hau jarraituko dugu, zubi bat ikusi arte. Zubira heldu baino 50 metro lehenago, eskumatik irteten den bidexka jarraituko dugu. Laster, errepidera helduko gara, eta, kontuz ibilita, hura zeharkatu dugu. Jarraian dagoen erromara pasatuko dugu –hemen ere hasi dezakegu ibilbidea, gura izanez gero–. Orain, zuzen segituko dugu, eskumako adarra utziz, eta berriro ere zuzen, eskumakoa utziz. Laster kartel bat ikusiko dugu, Albertia markatzen duena. Jarraitu egingo dugu bide honetatik, gerrako oroigarri monumentura heldu arte.

Gerrako monumentua

Monumentua utziz, zuzen gorantz joango gara –bueltan eskumatik etorriko gara ikusi ez dugun bide batetik–. Inguru honetan izugarrizko pagoak daude eta merezi du pittin bat basoan galtzea. Zuzen gorantz jarraituta, tontorreraino helduko gara. Tontorrean ere oroigarriak ikusiko ditugu. Inguruko ikuspegiez ezin dugu gozatu, pagoz inguraturik dagoelako. Arnasa hartu eta norabide berean jarraituko dugu, mendebalderantz, gutxi ikusten den bidexka jarraituz, mugarriak daude. Orain, puntu kritikoenera helduko gara.

Distantzia bat jaitsi ondoren, zuhaitz ondo batean mugarri handi bat dago, eta, eskumarantz, gutxi ikusten den bidexka bat jarraitu beharko dugu –adi egon behar da jaitsieran–; bidexka hau zabaltzen doa eta beste bide batekin topo egiten du. Guk eskumara jarraituko dugu, gorantz, bide berri honetatik. Laster ur depositu moduko bat ikusiko dugu, eta presatxo bat. Presa ostean, ezkerretara pista bat sortzen da. Hasieran gorantz egiten du pistak, eta berehala behera. Hortik jarraituko dugu, Albinako urtegi gaineko pistarekin topo egin arte.

Pistan kartela ikusiko dugu eta gu Arlaban aldera joango gara. Berriz ere beste kartel bat ikusiko dugu, eta hemen ere Arlaban aldera hartuko dugu. Orain pittin bat igotzen hasiko gara, bide zabal batetik. Hemendik jarraituko dugu, errebuelta handi batera heldu arte. Hemen irtengo gara pistatik eta eskuinaldera sortzen den bide batetik jarraituko dugu aurrera. Berehala bidegurutzea dago, eta guk eskumako pista jarraituko dugu, altuera galdu gabe. Hasieran, gutxi ikusten da bidea, baina pittinka nabarmen bihurtzen da. Bide honek berriz ere Albertia azpiko monumentura eramango gaitu, eta hemendik, Landatik igoeran erabilitako bide berbera erabiliaz, autoa itxi dugun lekuraino joango gara.

Fitxa teknikoa:

• Distantzia: 13,43 km.

• Iraupena: 3-4 ordu inguru.

• Zailtasuna: Erraza.

• Ibilbidea: Zirkularrra.

• Seinaleztatuta: Ez.

• Bide mota: Baso pistak eta bidexkak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak